JAINKOA

 

       Jaun goikoa, gainekoa, guziz gorakoa, jabe on goikoa, gorenekoa, horra zer erran nahi den Jainkoa. Hitz horrek dio Eskaraz Jainkoak ez duela nihon bardinik; guzien nausi dela zeruan eta lurrean. Hala ere behar da; ezen bada bethidanik berenazko izate bat, gauza guzien egilea, deusen eskasik gabea, indar edo ahal guziez dohatua. Ez da halakorik lurreko gizonetan; bainan nonbait badela ikusten du adimendu batere atzarria denak. Izan ez balitz bethi, nihoiz etzen izanen. Deusek deus ez du egiten, eta badire egintzak. Baitezpada berenazkoa da beharden izatea, ungi guziak darraizkona. Errexago da erratea badela, zer den erratea baino.

       Gizon jakin baten ganat joan zen jaun bat eta galdetu zion zer zitekeen Jainkoa? Jakinak ihardetsi zion ikusiko zuela, ethor zadin zenbait egunen buruan. Ethorri zenean berritz, egorri zuen oraino urrunago, eta oraino ere ethorri zenean, are urrunago. Khexatzen hasi zen, eta galdetu zion jakinari noiz arte eginarazi nahi ziotzan pasaieta alferrak? Galdetik ixildu arte, erran zion; ezen badakit Jainko bat badela eta behar dela; bainan zer den, ez dakit orai eta ez dut gero ere hobeki jakinen.

       Zizeron, Erroma zaharreko mihi ederrenak zion: «Emagun zenbait populu lurpean bizi direla etxe eder eta aphainduetan. Entzun zuten mintzatzen Jainkoaz eta haren handitasunaz. Egun batez ilkhitzen dire argitarat. Ikustean zeru, lur eta itsasoak, hedoi eta haizen indarrak, iguzkiaren dirdirak; gauaren ilhunbe eztia, izarren urreria, goiz-arratsen ihintzak, ilhargiaren gorapen eta beherapenak, zer erran behar zuten? Ukha othe zezaketen Jainkoa? Zoro behar liteke errateko ustekabeak eginarazten dituela zeruan hain itzuli zuhur eta neurrizkoak. Kroskek erakusten dute oren batean adimenduaren pikoa, eta nola ez ikus adimendu hautuago bat zeruko itzulien eginaratzailean eta aroen sorraraztailean? Ez da zeren gastatu hitzik. Begien zabaltzea aski da ikusteko Jainko lanak... Sinhetsi behar dute orok badutela gauzek bere nausi eta giderra. Jaun gorde haren ezagutzari darraizko prestutasuna eta ungiak. Deus ez da egiten haren nahia gabe, lurreko on guzien ithurria da. Ikusten ditu bakhotxaren egintza eta xedeak. Ez ditu ahanzten batzuen ungiak, ezbertzen gaizkiak. Agurtu behar da bihotz garbi batekin. On eta maitagarria da haren ezagutza. Ez da hor zorokeriarik; zorokeria gaizki bat da; bainan hori ungi da, ezin hobeki. Gizona da bakharrik lurrean Jainkoa ezagutzen duena. Jende basa eta itsuenen artean berean orok ikusten dute Jainkoak behar direla, nahiz ez dakiten behar bada zer darraikon ezagutza horri».

       Senekak dio: «Orok sinheste behar dute Jainkoan, sinhesten ere dute bilkuia legez biluzienek. Ez da bat hain ungiaren etsai denik, edo aztura onez hain gabeturik, sinheste horren ez izateko. Munduak behar du gider bat. Harria abailan bezala, ez dabiltza itsurat zeruko izarrak. Bada eskua begiratzen dituena makhurtzetik bere lasterka handian».

       Azken mendean, afari baten artetik, mintzo zen Jainkoaz jaun multzu bat. Etzitzaioten eder aithortzea bera bazitekela Jainkorik. Bazuten aldean guti beiratzen zioten gizon bat. Noizbait othoiztu zuten erran zezan hark ere zakiena. Xuxen-xuxena orenak jotzen zituen hamarrak. Gizonak beiratzen dio, erranez:

 

              Egile gabetarik badela orena,

              Ez da ene buruak sinhets dezakena.

 

       Ez du nihork erran nola atzeman zuten athera aldi hori.

       Jaun eta andre batzuek aurkhitzen ziren bazkari handi batean. Asma ahalak erran zituen jaun batek sinhetsarazi nahiz lagunei Jainkorik etzela. Ikusiz etzuela irabazirik, erraten du ezpainak asikiz: «Ez nuen uste, izpiritudun bilkhuia batean, bakharra nintzela Jainkoa baithan sinheste gabea». Etzare bakharra, ihardetsi zion Etxeko andreak: gure xakur eta gathuek ere badute zurekin ez sinhesteko ohorea; xoilki badute aski izpiritu ez hortaz haro egiteko.

       Huna zer erran nahi den Jainkorik ez dela: gaxtoa naiz, eta hartako beldur izan dadin gain hortan norbait niri zorren galdetzeko. Gizona ez da abere. Horren erratea bera ahalkagarri zaio. Badu arima bat ezagutzen dituena ungia eta gaizkia, aberek ez duten dohaina. Hortako da laido handi erratea bati: beharri luz! Gizonari khentzea da bere handitasuna. Bainan Jainkorik ez dela dioenak, erran nahi behar du: hil eta oro akhabo! Ordean horren erratea da: abere bat naiz, eta nolako abere oraino! Xakhurra baino areagoa; ezen hura lasterrago dabila, hark lo hobeki egiten du, ez du bihotz minik, usnaz ere nausi da. Hobeki dire gathuak ere, ikusten dute gauaz, ez dute soineko eta oinetako beharrik.

       Onak ala gaxtoak sobera mintzo dire Jainkoaz, nik sinhesteko badela nihor hura ezagutzen ez duenik. Onak mintzo dire amodio edo ezagutzaz, gaxtoak beldurrez. Hura gabe deus ez da elengatzen lurrean; oro gau eta ilhunbe dire. Deus gabe hastetik, deus ez da ikusten ondotik. Ithurria behar du urak, haitza hezkurrak, ihizia arroltzeak, ama haurrak; bainan ithurri, haitz, ihizi eta amak nondik heldu dire? Ustekabetik? Bainan ustekabea hitz huts bat da, deus ez du erran nahi. Deus ez du egiten, zeren ez baita deus.

 

 

II.

JAINKOA
LIBURU SAINDUEN ARABERA

 

       Lurreko lehen bortz liburuak Jainkoaz mintzo dire. Moises da hekien egilea. Berrehun eta berrogoita hamar urthe Jesus ethorri baino lehen Hebruatik Grekerat itzuliak izan ziren Ptolomeo Filadelfo deithu errege baten manuz. Bazakiten orduan eta aithortzen zuten orok nor zen liburu hoien egilea. Aitzineko mendetan ere sinheste bera zen. Badire mendez mende liburu hoitaz mintzo diren izkribuak edo gizonak: Malakias, Esdras, Nehemias, Daniel, Ezekiel, Jeremias, Baruk, Paralipomenen. Moisen liburuak Juduen eskuan ziren bethi; hetan zituzten bere legeak, eta Moises handizki aiphatua zen hekien ahotan, Jainkoak egorri eta argitu gizon bat bezala. Nahirik ere nihork, etzezaken ganbia haren liburuetako erakuspenak. Ezen hek ukitu nahiko zituenak deusetan, ukitu beharko zituen mendetako bertze liburuak ere. Batek berak beharko zituen arregin liburu zahar eta berri, gathibotasuneko aitzinean eta ondoan izkiribatu zirenak, populuak izkiribatzen ikusi eta gogoz ikhasi zituenak, Salomonen liburuak, Dabiden Psalmoak eta iztorioko liburu guziak, ez denaz geroz Testament-Zaharrean iztorio edo kapitulu bat Moises mintzo ez denik. Lan ederra beharko zen hori, eta bakharra munduan. Nola ere batek emanen zion bakhotxari bere mintzaira? Nola sinhetsaraziko populu bati hark berak egin liburua zaharra zela, bethi agurtu zuena? Uste du nihork populu batek ahanzten duela zer ikusi eta entzun duen bere egunetan? Etziteken deus uki Moisen liburuetan, oro bat bertzeari lotzen direlakotz: iztorioa, mirakuluak eta eginbideak. Israelitak Egiptoatik ilkhitzen dire hamar zaurien ondotik. Ihesi joaiteari darraiko Itsas Gorrian egiten den mirakulua. Jainkoak bere populuari egin ungi horren orroitzapena zen Bazko. Hortik lekhora, Sinaiko mendian ardietsi legea gogoratzen zuen Mendekostek. Beraz Moisen liburuak nihork ezin ganbiatuak ziren deusetan. Bainan egia othe diote bethi? Azken lau liburuetan Moises mintzo da berak egin edo ikusi gauzez, eta hoitan etziteken gezurti edo enganatzaile. Berak erakusten zuen gezurra gaizki zela; etzen handi edo nausi beharra nola nahi. Luzean gibelat egin ondoan, jarri zen buruzagi Jainkoaren oldez, eta etzuen izan saritzat laido, bihotz min eta hirriskurik baizen. Bere haurrak zituelarik, utzi zioten apheztasuna, lehen herrunka, Aaron eta haren ondokoei. Etzen nihoren ferekatzaile, etziotzaten bekhaiztu azpikoei zigorrada eta lege hertsiak. Agertu ditu hekien belztasun, gogortasun eta errenkurak. Ez ditu gorde Nadab eta Abiud bere iloben hutsak, ez eta bere anaia-arreba Aaron eta Mariarenak. Lainhoki agertzen ditu bere hutsak. Ez du bilhatzen aitzakia edo hitz goibelik. Egia dario garbiki. Bertzalde gauza ageriez mintzo da; ez nonbait urrun, bainan aldean gerthatuez; ez gauza iragankorrez, bainan berrogoi urthetaraino iraun dutenez. Ez da mintzo zurru-burruka eta nihork deus ezin ezagutuzko gisan. Izendatzen ditu lekhuak, gizonak, bilkhuiak, ezin gehiago xeheki, erraten dituen gauzen lekhuko hartuz ehunetan populu guzia. Ez da hola mintzatzen enganatzailea. Bainan enganatu nahi izan balu ere, ezin eginen zuen. Beharko zituen sinhetsarazi egia bezala, bere lau liburuetako erranak, nahiz gezurrak ziren, populua orroitu gabe; edo beharko zuen populu guziarekin elkhar aditu, orotan adirazteko, egin zituztela gerthatu etziren gauzak. Bainan nola sinhetsaraziko zion populu oste bati Itsaso Gorria iragan zutela oinez, berrogoi urthez bizi izan zirela eremuan zerutik jautsi ogiz edo janariz, Egiptoa zauriz estali zela, baldin holako deus gerthatu ez balitz? Non dire gizon aski zoroak uste izateko, hainbertze urthez, egin, ikusi eta entzun dituztela gauza egin, ikusi eta entzun ez dituztenak? Ez da ere nihoren buruan sarraraziko populu oso eta handi bat hain egiaren etsai izan dela gezur ezagutuan partalier jartzeko. Etzuen ere hartuko gezurti baten ganik legetan gogorrena, uztarri dorphena, gero gezurti hura jarri denean buruzagi, odolean garbitzeko hutsik xumena, eta ahalke gorria eramateko mendetan bere egintza goibelen gatik. Nahi izan balu ere populuak gezurra lagundu, gauza ezin sinhetsia eta nihoiz gerthatua, gezurra luzerat agertuko zen. Mendi handiegia zen, ez egiteko noizbait asiki eta zilho arinkeria, jelosia eta lainhotasunak, eta aukas ekharria izan balitz ere populu guzia behin holako gezur baten asmatzerat, ardiesteko nihongo gizonek etzuten omen bat, etzituen utziko izkiribatzerat haren bethiko ahalkea egiten duten gauzak: urrezko xahalaren adorazionea, hainbertze errenkura eta asaldura zoro. Beraz Moisen lau liburuetan egia behar da. Bainan Moises bethi Jainkoaren izenean mintzo da; haren izenean egiten ditu mirakuluak. Hark egiten zituenak, etzetzaken gizonak egin; beraz Jainkoa lagun zuen; beraz bada Jainkoa.

       Moisek lehen liburuan erraten du nola Jainkoak egin zuen gizona, nola ethorri zen uholdea eta nola gizonak hedatu ziren lurrean. Hoik guziak gerthatu ziren Moises sorthu gabe. Hoitaz mintzatzean ere, etzezaken nihor engana. Hoik oro bazakitzaten Juduek Kaldearretarik. Bere arbasoak zituzten Abrahamen aldetik. Egiptoarrek ere bazakitzaten, eta hekien artean luzeki bizi izan ziren Israeldarrak. Etzen Moises emanen hirriskutan nihoren trufa izateko, utz zetzakelarik bazterrerat erraten zituenak, baldin ungi jakin ez balitu. Mintza ziteken ere, nihork erratekorik ez izateko gisan. Hitz goibelak badire, eta asko gauza utz ditezke sobera xehatu gabe. Bainan etzuen holako beharrik. Lainhoki mintzo da. Ez diteke gezurti, Jainkoak eskutik ibili duen gizona. Jakindu zituen Jainkoa ganik edo ahotik ahorat bera sorthu aitzinean gerthatu gauzak. Bi mila eta bortzehun urthe ziren hartarik Adameraino, eta arte hori, nahiz handia dirurin, bortz bizik bethetzen dute: Adamek ikhusi zuen Mathusalem, Mathusalemek Noe, Noek Isaak, Isaakek Levi Moisen arbasoa. Errex zen beraz jakitea ahoz ere zer gerthatu zen aitzinean. Etzen hainitz gauza gerthaturik oraino, bainan denak ukigarriak ziren, izpirituetan erro egin zutenak. Badakigu ere zaharrek maite dutela gauza iraganez mintzatzea. Nork daki bertzalde etzen izkiriburik, edo bertze zerbait orroitzapen bide, hala nola tenplo, aldare, harrasi, lege, aztura edo kantak? Aski hortarik.— Orai erran nahi dut Moisen Jainkoa ganik ikasi zituela egiak. — Haste hastetik haren legek garaitzen dituzte ondoko mendetan nihongo jakinek erakutsi dituzten guziak. Ez da behinere ilkhi gauza handi eta adimenduzkoetarik; ondokoek zaurthu dituzte egia eta izpiritua. Nola ordean, menden gau eta sinheste goibelean, gizon bakhar batek, bere ahal xoilekin, atzemanen zuen erakuspen bat guziz gorakoa? Etzuken Egiptoarretarik athera. Sinheste zoroenak zituzten haren egunetan. Etziotzaten Kananearrek ere erakutsi; eskuz egin Jainkorik bezik etzuten. Jainkoa izan zuen, Jainkoa nausi. Bazakien ondoan ere hura berekin zuela. Bertzenaz nola aginduko zioten lege begiratzailei sari Jainkoak baizen ezin emana? Ez dire gizonen meneko bizi luzea, bakea, zoriona, aroen gaindi ona, behar orduko uriak; eta hoik guziak seguratzen ziotzaten ungi zabiltzanei, hala nola gosete, agorte, azote, izurrite eta gerlak, gaizki zabiltzanei. Haren agintzak bethi gerthatzen ziren; beraz Jainkoaren izenean mintzo zen; beraz bada Jainkoa.

 

 

III.

HASTETIK JAINKO BAT
BAZELA OROK SINHESTEN

 

       Hastapeneko sinhestea da lehenbiziko populu orok adoratzen zutela Jainko handi eta bakharra. Sinan eta Egiptoan ezagutua zen, gizonen jaura tzarrek hedatu arte ikusi diren hedoi itsusi, goibel eta lazkorrak. Hari esker, izan dire herri eta erresumak. Haren sinheste goibela bederen gabe, etzuketen bizirik, orok gutizien arabera egin nahiko baitzuten. On iduritzen bazitzaioten lagunen hiltzea, deusek ezin baratuko zituen. Batzuek bertzeak bezala izanen ziren, eta orok elkhar hilen zuten, edo etzen geldituko bizi bat baizen, hura hazkarrena eta azkena. Jainkoa khenduz geroz, etziteken deus on edo gaxto. Hiltzale eta ohoinei nork zer erran ziozaketen? Abereak bezala zitezken ethorkian, bizian eta akhabantzan. Bazka eta mugarri beretan zituzten alhamenak. Nork erran zer liteken holako jendea? Gaindi egin lezakete nahasdura eta lizunkeria orok. Akhabo litezke bake, laguntza eta garbitasuna. Lurra zeruan nausi bat gabe izan ditekelako orroitzapenak berak, sorrarazten du hainbertze gogoeta lazgarri, non orok ez balute erraten ere goraki badela, asmatu behar bailiteke!

 

 

IV

ZER ERRAN DITEKEN
JAINKOA BAITHAN

SINHESTERIK EZ DUTENEI

 

       Sinhesten ez duenari oraino badela Jainko bat errozue: adixkidea, zure sinheste bereko ninteke, erakusten baninduzu nola hasi diren biziak edo gizonak. Ez baditu Jainkoak egin, nondik eta nola hasi dire? Sei mila urthe baditu mundu hunen hasteak, eta geroztik ez da ikusi gizon bat bera egiten. Emagun bat nonbait egin dela. Handisko liteke hori; bainan ez da behar bada hastea gaitzenik; dugun jakin zer bilhakatzen den gero. Xumea da naski sortzean, ezen hortik abiatzen dire orainoko gizon guziak. Behar dute troxetan egon, ixter xuxenik izatekotz; asko marraka egin, zenbait erroriko eta tirabirako ere. Bera egin denak ez du amarik bulhar emateko ez troxatzeko, ez garbitzeko. Uzten dautzut haur hori bizi ditekela urthe bat herrestan, ama eta soinekorik gabe. Orroitu behar da gizonak egin dituela etxe, bide eta zubiak. Egun zenean beraz gizona bera, etzen nihon oihan eta sasirik baizen. Hil ez bazen ere erorikoz, hotzez edo gosez, beharko zen bigarren mirakulu bat. Gizona etzen bera berratuko; beharko zuen lagun bat. Emazte bat ere beraz, hala behar eta, sorthu behar zen bera. Hura ere etzen ungi izanen, xutik joan arte bederen. Apho bat bezala, potikoka zabilaino othe edo sasi zokhotan, etziteken deus bihotz altxagarririk. Bi haurrek, muthikoak eta neskak, sorthu beharko zuten egun bertsuetan. Ez erran jostatzen naizela. Holako bia ez badire sortzen nolaizpait, ez diteke elenga nola sorthu diren gizonak Jainkorik gabe. Ez da hor guzia. Lurra zabala da, eta asko urthe beharko zuten bi haurrek elkhar atzeman artean, non etziren, behar bezala, bat bertzearen aldean sorthu, nolatsu bi hondo haitz azpi batean. Bat sorthu balitz Parisen eta bertzea Madrilen tokian, etziren ehun urthez elkharganatuko. Beharko zituzten zubiak egin hibai orotan, sega edo haizkora edo itzerik gabe; bideak ere ideki haiotz edo phudarik gabe. Usna ere onskoa beharko zuten jakiteko bat bertzearen berri edo ez bidetan gurutzatzeko bizpa hiru lekhoetan; bertzenaz elkharganat hurbildu beharrak, bazioazken bat bertzea ganik urrunago. Mirakulua izanen zen xuxen xuxena elkharri buruz ibiltzea, jakin gabe batek ez bertzeak, non nor eta zer zen. Bazen hiltzeko haurren, elkhar ikusi gabe. Beharko ziren sortze berriak. Lurrak erdi beharko zuen asko haurrez, ikus artean bia handitzen eta elkharganatzen. Orai ez bezalako aroak beharko ere zituen. Ezen ez du gehiago berak ekharri nahi, baizen zenbait pirritziku, elhorri, othe edo lahar. Baditeke lehen bi gizonak egitean xukatu zitzaizkon adimenduzko gaiak. Bainan bi haur berak egin direla erran ondoan, ez othe da deus galderik egiteko? Gizonen gorphutzeko lanek antzeak badituzte, edo erakusten dituzte egilean. Ikhustekoak dire beso, ukhondo, erri eta zainak; begi, beharri, usna, bephuru, hortz, mihi, sabel eta hortzak. Batasun handiena dute elkharrekin. Miragarri da nola nahikunde batek abiatzen dituen zangoak pasaietan, eskuak lanean, mihiak erasian, beharriak zelatan, hortzak asikika. Lurraren dolharek egin othe dituzte bada hoin gauza zuhur eta antzezkoak? Orai ezagutzen ez diogun harmarik beharko zuen lanen egiteko; urthe asko ere bai. Behar bada hargatik oro betan egin zituen, hastamuka hari gabe zer ziteken on edo ez. Bertzenaz atzemanen ziren, non edo han, lan hasi eta utziak. Ordean ez da nihon ikusi zango, beso, begi, ixter, sabel edo zintzur hasirik edo erdi eginik. Erranen du oraino nihork gizonak berak egin direla edo gizonek egin dituztela?

       Gizona hastetik egitea baino errexago liteke iduriz hil baten piztea. Gorphutzak baditu oin, sabel, errain, hezur, buru, lepho, mihi, erri, hortz, kokots, ezpain, sudur, mazela, begi, kopeta, ile, bulhar, errota, hertze, sorbalda, bizkarhezur eta aztalak. Bizkitartean lurreko antze guziak ez dire askiko hari biziaren harrarazteko. Ez du hatsa baizik eskas. Aiztian oraino bazabilan. Oso osoa da. Emozue lurrari, emozue gizonei: eian ibilarazi edo mintzaraziko duten! Ageri da lurrak eta gizonek ez dezaketela holako lanik egin.

       Bada, bada Jainko bat. Liburu Sainduek erraten dute zer den: Bethetzen ditu zeru-lurrak, ez du nihon edo deusetan mugarririk. Nork emanen ziotzan athekak? Zeruaz gorago da, lurraz beherago, itsasoaz urrunago. Mendi eta izarrak baino lehen zen. Bethi bazen, bethi da, bethi izanen. Ezagutzen ditu oro, eta bera ez du ezagutzen bere izpiritua baizen. Deitzen ditu bere izenez direnak eta ez direnak. Deus ez du ahantzi iraganetarik. Badakitza orai eta geroa. Ez galde nola ezagutzen dituen oro, zeren ez baititu bertzek bezala ezagutzen. Ez da haren nahia gabe xori bat hegaldatzen, ez lili bat sortzen, ez ile ondo bat erortzen. Besoa luze bezain, zorrotz du begia.

 

 

V.

JAINKOA UKHATZEN
ZENBAITEK EGINBIDEI
IHES EGITEKO

 

       Jainkoa ukhatzen dute, sinheste horri darraizkon eginbideak bethe nahi ez dituztenek. Bainan hek begiak hetsirik ere, ez du gutiago distiatzen. Hargatik hetan hainitzek ere ez dituzte eskas aitor onak, gaitz handi batek hartzen dituenean. Ikusten dire barkhamendu eskez. Beldur dire! Zerk ematen diote beldurra? Gaitzak ez du argirik; sinhestearen hautsa higitu du, eta barnean zen sua. Ez dute zeren erran gaitzak burua galarazi diotela: zoroen aitzakia da hori. Zertako ez dire gaitzean ikusten onak, hek gaizkia bezala, negarrez higuintzen ungiak? Ez da buru galtzetik heldu beldurra. Gaitzik gabe ere badire intzirinak: Hurbiltzean hirriskua, arima da sartzen bere baithan. Gerthatzen zaio hordi bati bezala arnotik ilkhitzean, direnak diren gauzen ikustea. Voltairek etzuen trufarik baizen Jainkoaz, lagunekin eta ungi zenean. Gaitza lothu orduko, gogoratzen zitzaion Jainkoa, eta galdetzen zuen apheza. Sendatu orduko bihurtzen ohi zen bere bide goibeletarat. Bainan luzaturik ere, herioa bethi heldu da. Gizon ondikozko hori, hanbat gaizkiren ithurria, hartzen du azken gaitzak. Etzuen ahalke berritz ekharrarazteko apheza; sobera argitua zen, ez ikusteko bazela Jainko bat, eta eman zituela eginbideak bethetzeko. Bainan Jainko hark etzuen nahikatu ikus zezan gehiago aphezik. Hil zen patarrakaz, zioelarik: utzi naute Jainkoak eta gizonek!

 

 

VI.

AKHABANTZARAINOKO
GOGORTASUNA
JAINKOAREN ZIGORRADA

 

       Badire gogorrarena egiten dutenak azken oreneraino. Jainkoaren azote bat izaten da hori. Soberak sobera zaizko gaizkian, lurrekotz ere. Hein batean hesten ditu grazien ithurriak. Bekhatore handi bat eritzen da. Aphez axkide batek nahi du orroitarazi bere arimaz. Ez dio deus ihardesten. Nahi du kobesarazi: bai, kobesatu nahi dut, dio eriak; bainan ez du deus gehiago erraten. Apheza mintzo zaio minkiago. Eriak erraten dio: zato bihar. Biharamunean iduri du kobesatu nahi dela, eta egiten du gurutzearen seinalea. Behin ez du deus erraten; gero lazgarriki adirazten ditu liburu sainduetako hitz hauk: Bekhatorea argituren eta hasarreturen da; eta ematen du burua estalkien azpian. Kobesorak agertzen dio, erranez: Ez da gehiago egoterik, behar da akhabatu. Bai, bai, ihardesten dio eriak: bekhatoreak karraskaturen ditu hortzak eta errabiak erakutsiren, eta bigarren aldikotz ohean barna. Kobesorak othoizten du nigarrez akhaba dezan. Bai aita; kobesa gaiten, dio eriak, eta hirugarren aldikotz sartzen da ohean barnago, erranez bertze liburu sainduetako hitz hauk: Bekhatoren nahiak hilen dire. Aphezak agertu zuenean, hila zen!

       Dioklezianok utzi zuen khoroa. Geroztik hiratuaz zaramakan beldurrak. Entzuten zituen galarazi Giristinoen marraskak, eta hainitz aldiz, uste zuen trenxoinean zituela hekien gorphutz sarraskituak, eta gathiluan hekien odol zurrutak. Har batek iretsi nahi zion bihotza. Minek gaindi egin zioten, bereziki Konstantin tronurat higatean, xukatzeko bezala hark jauzarazi nigarrak. Bihotzak leher egin zion aitzean barraiatu zituztela haren lan guziak, eta haren tzarkeriek hobeki baizik etzutela maitarazi egia. Errotu zen, eta burua galdurik egon ja azken oreneraino. Gauaz entzuten zituen orro lazgarrienak, deitzen gardiak, hartzen enperadoren soinekoak, ustez lehengoa zen. Bainan arte onetan, ikusten zuen aski deusik etzela. Hilen itzalek arantzezko khoro bat egiten zioten. Batzuetan heldu zitzaion begietarat juie lazgarria. Orduan arthikitzen zituen eta xehakatzen soinekoak, deihadarka eta marrumaz zioelarik: ez dut nik egin, bertzen lana da! Ihardesten ziotela zirurin: bertzeak muthil hituen, hire hitzek zabilzkateian hekien besoak. Hainitz aldiz bilhatu zuen bere buruaren xahutzea; hartu zuen pozoina ere, bainan ez aski. Noizbait begiak athera zitzaizkon bere tokitarik, buruz harrasiari joka. Hil zen, bihotza zaurtua eta burua nahasia.

       Jainkoak ez du mintzatze beharrik, ixilik egin dezake bere lana. Jaun bat gardian zen. Badoa etxerat, unhatu den ondoan. Bazuen berekin gakhoa, eta sartzen du barnat. Hastamuka doalarik, jotzen du norbait zangoz ezkaratzean. Behin uste du muthila duela han, hordi eroria, zenbait aldiz gerthatu zaion bezala. Hartzen du besoetan; bainan gorphutzak hila diruri. Hasten da oihuz. Oro laster biltzen dire argiekin; eta ikusten dute etxetiarra hil hotza. Zituen guziak egorririk lizunkeriatan, egitekoetan gaizki zen. Nola baitzakien nausia kanporat beharra zela gau hartan, eman zuen buruan etxea behar ziola arrobatu, eta herioak jo zuen ohointzaren erdian!

 

 

VII.

JAINKOAREN PROBIDENTZIA

 

       Jainkoa da gauza guzien giderra. Deus ez da gerthatzen ustekabez. Oro egin ditu, oro badabizka, eta gauza guzientzat arthak darraizko. Ez diteke iguzkia argiz gabe, ez Jainkoa axolaz. Aitak begiak haurren gainean ditu; Jainko Aitak ikusten ditu nahi edo ez ungi eta gaizkiak, sobera eta eskasak. Biden aphaintzailea da orotan. Betan eta oihuz egin zuten Aita-Saindu Pio bederatzigarrena. Postan zioan Imolatik Erromarat. Italian karrosek bethi hainitz jende bilarazten dute. Kardinal baten karrosa, eta kardinal Erromarat orduko Aita-Saindu ziteken baten karrosa, etzen nolanahi joaiten ikustekoa. Marxetako herri ttipi batean, jende oste batek inguratu zuen beraz Mastai kardinala. Oro beira daudelarik, heldu da uso bat, eta jartzen da karrosaren kukulan. Oihuz eta eskuz joka hasi ziren: Biba! Aita-Saindua dakhar karrosak. Egin zituzten egin ahalak usoa haizarazteko oihuz, bainan etzuten higirazi ere. Hartu zuten seska bat, emeki kirtzikatuz hegaldarazteko. Abiatu zen goiti, bainan itzuli zen egin ondoan, berriz hartu zuen karrosa gaineko tokia. Berritu ziren deihadarrak: Biba! biba! Imolako aphezpikua Aita-Saindu izanen da, Aita-Saindu izanen! Bozkarioak gaindi zuen. Amakatzen dituzte zaldiak harrabots guziekin; bainan oihu, arruden burrunba, eta azote klakakoen gatik, bere tokian egon zen usoa, Erromako athetaraino: zenbait egunen buruan Mastai Aita-Saindu zen!

       Lurreko makhurrek sorrarazten dituzte errenkurak; bainan nork erran askotan ez dela bakhotxa bere minen ithurri? Napoleon hasi zenean egiten Erromako erregeren jauregia, hargin nausiek poxolu aurkitzen zuten Simon deithu zapatain baten etxola, Passy inguruan. Mintzatzen dute zapataina eta erosi nahi diote bere tokia. Galdetzen diotzate hogoi mila libera. Laneko buruzagiek handi atzeman zuten galdea; bainan zenbait egunen buruan erori ziren hartarat. Bitartean zapatainak izan zituen sustaitzaileak, eta galdetzen ditu berrogoi mila libera. Galdea berrehunetan sobraniatua zen; utzi zuten Simon bere gisa, eta hasi ziren lanean, arrunda handiago bat hartuz eta urrunago-danik. Bainan hala ere, ikusi zuten deus ederrik etzezaketela egin, Simonen etxola gabe, eta badioazko bigarren galdearen topatzerat. Berritz ere Simonek galdea goratzen diote, eta nahi ditu hirur hogoi mila libera bere etxolaz. Eskaintzen diotzate berrogoi eta hamar mila; bainan ez du ardit batez ere jautsi nahi beherago. Enperadoreak orduan erran zioten bere gizonei gehiago ez emateko, eta etxola uzteko bere jabeari. Zapatainak ezagutu zuen laster bere hutsa: berak hetsi zion athea zorionari. Joan zen ondotik eskaintzerat etxola, behin berrogoi eta hamar mila, gero berrogoi mila, gero hogoi mila liberetan! Bainan hirriz eta trufaz itzuli zioten burua. Handik bi urtheren buruan, Simonek saldu zuen etxola ehun eta berrogoita hamar liberetan. Erreka jo zuen, burua galdu, eta erroen etxean hil zen 1846ean.

       Sinheste gabe bat mintzo zen bilkhuia batean, khendu nahiz bezala Jainkoaren orroitzapena bera. Ez da Jainkorik, zion oihuz! Balin bada, mintza bedi! Hori erran zueneko, ihurzuri batek arthikitzen du tirabiraka. Guziek uste zuten hila zela, bainan bi orenen buruko ethorri zitzaion adimendua: etzuen hargatik gehiago galdetu bazen Jainkorik.

       Negu aldeko jaun batek saldu zituen bere gauza guziak zorrei buru emateko, eta husterat zioan berrogoi urthe hartan bere aita-amekin ezagutzen zuen etxea. Etzakien norat jo, norat itzul. Hauzo batek erosten du hura zagoen etxea, eta noiz ere baitzioan husterat, heldu zaio, erranez: egon zaite zure alderdian. Zure gatik erosi dut etxea. Min nuke, min handiena, ez bazindu egiten nik nahi bezala. Nik egin dudana hanbatenaz hobeki ikusi behar du zure bihotzak, non bera gai izanen baitzen bertze horrenbertzeren egiteko. Berthuten saria zen hori.

       Aspaldion ahal bezala bizi ziren bi senhar emazte zahar eta prestu. Gizonak erosten diotza berrogoi sosetan soldadu eri bati galtza hari lodiz egin batzuek. Barraiatzen hari delarik, emazteak gerrian atzematen diote paper biribilkatu bat, ematen dioena berehala senharrari, erranez: ikusazu zer den saindu hau; bardin zuk badakizu irakurtzen. Gauza begiztatu gabe ungi, senharrak erraten dio: Errepublikako asinata da; holako ederrik ikusia nago gazte nintzenean! Gure aita zenak bazuen holako orga bat ximinia zokhoan! — Zertako da hori, galdetzen dio emazteak? — Deusetako orai, eta lehen diru atzemateko. Bizkitartean pulita da; dugun itza leiho ondoan. Erran bezala egin zuten. Handik zenbait egunen buruan, heldu zaiote hauzo bat, eta ikustean paper hori, erraten diote: Ho, ho! Noizdanik tapizatzen duzue sukhaldea bankako billetekin? — Paper hortaz mintzo zare, erraten dio emazteak... Ah! asinata hortaz, dio senharrak? — Paper edo asinata, errazue nahi duzuena, bainan mila liberako billeta da, eta nahi duzuenean bilhakatuko duzue diru. Ez diteke holakorik, diote hirrikitan senhar-emaztek. — Izankidin baino gehiago da, hala baita, dio hauzoak; eta jakiteko laster eta hobeki, goazen bankarat. Etzuten bertzerik galdetzen zaharrek; bainan nola itze eta irinez lothu baitzuten papera, etzen errex osorik atheratzea. Nahiak ematen du inginu: sahetsetik azpiko adrilua karrakan janez, bildu zuten nolazpait papera, kisu eta mortero zariola. Arras ona atzeman zuen bankierak, eta eman ziotzaten mila libera hartan truk: Bide hortaz behar bada oraino Jainkoak saristatzen zituen bere bi haur!

       Beauregard, predikari handi batek, hainitz erran zuen egun batez Jainkoak bere haurrez duen arthaz. Etxerat zenean, gizon batek bi hitz egin nahi izan ziotzan. Jarrarazi zuen eta hedatu zion beharria. Atzeak erran zion: Jaun apheza, mintzatu zare ezin gehiago hobeki; altxatu duzu jaunaren ontasuna; bainan beldur naiz othe den ere Jainkorik batere. — Nola! Zer darasazu, gizona, erraten dio aphezak? — Bai, jauna, beldur naiz Jainkorik othe den edo deus ikusten duen. Ori, ikusazu zeorrek: baditut hirur haur eta emaztea; zur lantzaile bat naiz. Egin ahala lanean hari gure etxeko guziak. Ez diogu nihori gaizkirik egin, ez egiten... — Sinhesten ditut hoik guziak, bainan zer nahi duzu hortik athera, galdetzen dio aphezak? — Huna zer nahi dudan: hil hunen hamarrean egin behar nituzke paga batzuek, eta ezin eginen ditut. Lehen aldikotz jan beharko dut ene hitza. Hainitz athe zor derautenetan jo ondoan, deus ezin bildu dut: ithotzerat noa! — Nola gogoeta horrekin ethorri zare ene predikurat? — Etzen ene xedea zure entzuteko. Eliza inguru nindoan, ikusi dudanean jende oste bat han sartzen. Galdetu dut berri, eta erran dautet predikari handi batek behar zuela mintzatu. Sarthu eta egon naiz. Entzun zaitut azken hitzeraino, bainan ikustean ene burua, izan dudan artha bethi nihori gaizkirik ez egiteko, eta ez jakin norat joka, ez dezaket ikus Jainkorik badela. — Zer! ene gizon maitea, zure xede tzarrarekin sarthu zare Elizan, entzun nauzu, niganat ethorri zare, erran dauzkidatzu zure minak, eta hoik guzietan ez duzu oraino ikusten Jainkoaren lana? — Hoik guziak zerbait dire naski; bainan nork eginen du ene paga hilaren hamarrean? Beauregard ukitua zen bihotzaren zolaraino, eta erran zion: Sinhesten dut ez duzula gaizki handirik nihori egin, etzarela beharrean zuregatik, eta ez nauzula atzeman nahi: Zenbaten zorra dukezu? Ez naiz aberatsa; bainan lagun zaitzaket. — Ah! jauna, bihotz ona duzu; mila luisez petik oro arrima netzake. Beauregard altxatzen da ekhartzen ditu kutxa batetik ehun eta berrogoita hamar urre. Ematen diotza gizonari, erranez: Axkidea, horra zuk behar duzuna. Ez nuen neorrek izanen diru hori; bainan egun hoitan ene prediku zenbaitetan gerthatu zen andre batek egorria nuen norbait beharri emateko: erranen duzu oraino ez dela Jainkorik edo ez duela begirik?

       Indietan zabiltzan bi jaun aphez arimen ondotik. Baitezpada batek sarthu nahi izan zuen oihan handi batean, bertzeak kontra egiten zion arren, beldurrez gal ziten. Noizbait heltzen dire hesiz egin etxola baterat. Han atzematen dute agure bat hil hurrena. Aphez ezkertu nahi izan zenak galdetzen dio eian ezagutzen duen Jainkoa? Badakit, ihardesten dio, badela norbait egin gaituena; bainan ez dakit nor den, nahiz ungi nahi nuken ezagutaraz balezadat bere burua. Hark egortzen gaitu, erraten dio aphezak; erradazu eian hil duzun nihor, zure lagunek bezala? — Ez dut nihor hil, zeren ez bainuen nahiko nihork ni hiltzea. — Ebatskorik egin duzu? — Ez dut deus ebatsi. Gauza handirik ez dut, bainan denak ere ez nuen nahiko nihork eramatea; hartako nik ere utzi diot bakhotxari berea. — Erran duzu gezurrik? — Zer da hori? — Bere uste edo egiaren kontra mintzatzea. — Ez dut holakorik egin. Zerbait erraten dautedanean, atsegin dut zinez mintza zaizkidan, eta nik ere egin behar dut bertzek niri egitea nahi nuken bezala. Miratu ondoan xoko guziak, jaun aphezak ikusi zuen agureak etzuela bekhatu handirik, entzun zuelakotz Jainkoak zuzenerako gu baithan eman duen legearen oihua. Erakutsi ziotzan labuzki egia beharrenak; bainan bathaioa nahi zuela erran zionean, urik ez! Bi aphezetarik bat joaiten da bilha, eta nihon ez du xortik atzematen. Ja etsitua zuen aski hurbil nihon bazitekela, zuhamu osto zabal bat ethorri zitzaionean begietarat, trenxoin bat ur bederen gainean! Bathaiatu zuten gizona eta ikusi hiltzen bozkario handienean: Ez othe zen hor Jainko lanik?

       Guziek ezagutzen dute Robespierre, entzutez bederen. Egin zuen behin aithor hau: zer nahi dute sinheste oro oinetan ematen dituztenek? Ezdeustasunak othe da aphostolu beharrik? Nork egorri ditu erraterat Jainkorik ez dela? Su eta khar dire erakuspen horrentzat, eta ez dute herriko ginhar bat. Zer nahi dute. Sinhetsaraziz deusik ez dela nihon, oro ustekabe itsuaren lanak direla, ungi eta gaizkia bardin, eta arima hats bat hobiraino dirauena?

 

 

VIII.

JAINKOAREN UKHATZEARI

DARRAIZKON ZORIGAITZAK

 

       Nongo erresuma izan da Franzia bezin gaizki ikharako egunetan? Gaitzen pesia Jainkoaren ukhatzeak egorri zion. Bernardin, gizon jakin batek, Jainkoa aiphatu zuen Parisko bilkhuia lehenean. Batzuek hasi zitzaizkon hirriz, bertzeak galdez non ikusi zuen, eta nolakoa zen. Hanitzak ziren ezin jasan zezaketenak haren sinhets errexa; gehiago, hartaz nardatzen zirenak. Trufak zin bilhakatu ziren laster. Ile zuritu gizonak hasi zitzaizkon ergelka eta ahorat ethor ahal guzien erraten. Hekien arabera, biltzarraren ahalke eta ongarria zen. Kabanis, arrapoa zariola, oihuz zagon: Ez da, ez da Jainkorik! Ez beza nihork hemen aipha izen hori! Bernardinek erran zituen gauzarik ukigarrienak; bihotza mintzo zitzaion; othoitz eta kharra zarioten haren hitzei. Erraten banu Jainkorik ez dela, zioen, zuetaz trufatzea liteke: Erro behar da errateko egerditan eguzkirik ez dela; nihongo burudunek ez dute ukhatu Jainkoa, bere gaizki handienen artean.

       Deusik etzuen athera; buruak sobera bero ziren eta naski bihotzak amarra goibeletan. Ez da zeren deus handirik erran halakoei. Bizkitartean badire egia entzun dutenak leze itsuenen erdian. Louis Thuringekoa gaizki zabilan, eta zerbait erran nahi zioten guziak tapatzen zituen hunela: bada edo ez Jainkoa. Ez bada Jainkorik, zeren beldur izanen naiz? Balinbada, jadanik badaki galduko naizen edo ez: Galdua izan behar badut, ez dut zeren ganbia; ez banaiz galdu behar, banoake oraino aitzinat. Eritzen da, eta miriku aitu eta Giristino batek erraten dio: Ez dut zeren deus egin zure sendatzeko: Jainkoak badaki sendatuko zaren ala ez; sendatu behar baduzu, gure erran eta egintzak alfer dire; sendatu behar ez baduzu ere, oro galduak. Oihuz hasi zitzaion eria, nola eta zer mintzo zen, akhabo zela laguntzen ez bazuen; egitea egin ahalen, zuhurtzia zela! — Ez duzu ungi atzeman ene errana gorphutzaz doanean, ihardetsi zion mirikuak, eta zertako mintzaira bera daukazu arimako gauzetan? Zuhurtziak nahi du gorphutza arthatzea, nahiz Jainkoak badakien zer gerthatuko zaion, eta zuk, zertako ez duzu uzten bizi galdu baten aitzakia, erranez Jainkoak badakiela jadanik galduko zaren ala ez? Eria ganbiatu zen.

       Jainkorik ez balitz, hiltzean gizonak erran behar luke: akhabo bethikotz! Zer bihotz altxagarria doanarentzat eta egoten direnentzat! Bada oro hil hotzak beldur eta ikharaz erortzeko! Nola jasan orroitzapen hori? Bihotzen galdea da Jainkoa; gizonen izateari darraiko; izatea bera delakotz ez da gezurra. Galdetzen du heriotzeak, bai biziak ere; gizonak ez dire bethi aski, beharrei buru egiteko. Harri-giltzurrin batekin jotzen dute Aristhenes karrika baten erdian. Jakin nahi du nork jo duen, eta gutienerat, eman gogo dio mustupiletako bat; bainan ikustean bera baino hazkarragokoarekin dituela xuriketak, atheratzen du urre bat zarpatik eta ematen dio, erranez: ori, axkidea, hartzazu hau, ez gutiz utz; aberatsa banintz bazinduke gehiago. Bainan hara hanxe jaun bat, gure aitzinean. Egiozu niri bezala, eta satisfatuko zaitu hobeki: emanen dautzu bientzat. Aitzineko jaun hura zen Epaminondas, bere egunetako gerlari handiena. Oinez zioan bi aitzindarien erdian, hamar bat soldado gibelaxagotik. Gizonak sinhesten du Aristhenes, eta naski ustekabez aberastu behar duelakoan, arthikitzen dio Epaminondasi bizkarrerat altxa ahaleko harri bat, eta badago ziri bat bezala beira zer emanen dion. Izan zuen bere saria! Han berean lehenik bi soldaduek umatu eta eho zuten, eta gero herrestan eraman herriko gela beltzerat. Odola jarian zaramakatelarik, Aristhenes athera zitzaion biderat. Ah! zuri handia, erran zion harrikariak; norapait egorri nauk! hau da ene saria? — Ihardetsi zion Arishtenek: Ez huen bertzerik behar; zertako jotzen hituen bakezko jendeak? Atzeman duk, nik erran bezala, bien saria! Jainkorik ez balitz, gaizkiak ez luke maiz amarrarik. Hari esker dire berthuteak ere.

 

 

IX.

JAINKOA BERTHUTEN ITHURRIA

 

       Bi nausi zaharkituek lerrarazi nahi zuten gaizkirat andre gazte bat. Hekien nahia ez eginez, galdua behar zen jende onen begietan, iduri guzien arabera. Zer egin? Altxatu zituen begiak zerurat, erranez: orotarik hartua naiz. Haukien nahia eginez, galdua Jainkoarekin; ez eginez, herritarrekin; ezen gezurrei bide emanen diote ene hertsazalek. Nahiz bai; lehenago hilen naiz, ezen eginen baitut gaizkia. Jainkoak erakutsi zuen bere eskua hinka hertsi hortan Susannari, bainan jadaneko haren beldur xoilaz emana zuen garbitasuna gerizean.

       Nabukodonosor erregeak galdetzen du oro khurtzea haren urrezko itxuraren aitzinean. Etzuten sinhetsi Ananias, Azarias eta Mizaelek. Egia da ez duzuela adoratu nahi ene itxura, galdetzen diote erregek? Joanen zarete surat eta ikusiko dugu nongo Jainkoak lagunduko zaituzten.— Muthil gaztek ihardesten diote: Jainkoa aski handi da gu sutik atheratzeko nahi badu; bainan han utzi nahi bagaitu ere, ez dezakegu zure itxura Jainkotzat ezagut: ez da Jainko bat baizen. Honia gorriko kharra zazpietan gehiago berrarazten du erregek, eta arthikitzen ditu barnerat gizon gazteak, beso eta oinak amarraturik. Halako khalda zuen suak, non arthikitzaleak hatsgabetu baitziren. Aingeru bat etorri zen labeko surat, jabaldu zituen kharrak, eta ikusi ziren hiru gizon gazteak, suan pasaio, Jainkoa benedikatuz. Ikusi zuen gauza erregek, eta erran: Jainkoaren haurrak, ilkhi zaitezte hortik. Jainkoa agertu zen hor, bainan jadanik haurrek etzuten nahi izan gizona adoratu: Jainkoaren orroitzapenak bitoria eman zion berthuteari!

 

 

X.

ZER IGURIK DITEKEN
SINHESTE GABETARIK

 

       Aita-ama batzuek galdu zituzten sinheste on guziak, eta altxatu zituzten bere bi seme eta alaba bat, Jainkoaren beldurrik gabe. Zer gerthatu zen? Lehen semea bethiko burdinetarat joan, bigarrenak etxea arrobatu zuen, alaba bere senharra utzirik joan zen gizon tzar baten ondotik, eta hartaz laster higuindua, hil usteldua etxe galdu batean. Jainkoaren beldurra khenduz geroz, holako lanek bidea zabal dute non nahi.

       Egun batez, d'Alenmert eta Condorcet, bi sinheste gabe aipathuek, zioten Voltairen etxean, etzela Jainkorik. Nausiak ixilarazi zituen, muthilak urrundu arte, erranez: etzuela gauaz urkhatua izan nahi. Sinheste gaben buruzagiak etzuen uste bazela biziaren bahirik, Jainkoa baithan sinhesterik gabe: Jainkorik ezagutzen ez duenak, ez luke behar tokirik gizonen artean.

       Ohoin bat zen juien aitzinean. Lekhuko bati galdetzen diote zina. Ez du egin nahi. Behin, bietan, hiruretan dio ez duela eginen, iratxikiz: duela bi urthe ere etzuela egin, ez lekhukotasunik bihurtu. Zein sinhestetako zare, galdetzen dio juieak? — Ez dut sinhesterik, ihardesten dio. — Badakizu zer erran nahi duen horrek? — Arras ungi: Jainkorik ez dela. Gauza bera ihardetsi zuen haren lagun batek. Oro ahalkatuak eta marmaraz jarri ziren. Juiea, gorri-gorria egina, altxatzen da, eta erraten diote lekhukoei: hutsazue toki hau, urruntzaitezte hemendik, ahalkagarri da Angelesentzat holakorik entzutea bera!

 

 

XI.

SINHESTE-GABEN GURIOPEA,
ERGELKERIA

 

       Izpiritu gaindiz izatea zaiote xori buru batzuei sinheste onen ostrikatzea. Jaun aphez batek ungiz leher egiten zuen herri batean, ez izpiritu hainitz zuelakotz, bainan zeren zuen bihotzetan khartsuena. Gizon gazte bat ethorri zitzaion behin, bere ustez jakina, Luzifer bezin urgulutsua, burlan erraterat: hainitz mintzo zare Elizatik; jakinzazu bada zer sinhesten dudan: ez da Jainkorik ez bertze bizirik. Etxe batzuek bezala gare, herioak barraiotzen gaitu bethiko. Huntzak dire zuri beharriak hedatzen dautzutenak. Jekitzen gare, asetzen, jostatzen, lokhartzen, hiltzen: horra lehen, orai eta gero guzia. — Errotorak erraten dio amultsuki: haurra, zer egin daiagu hik gu hoin behera eman nahi izateko? Ah... bainan ez; sobera izpiritu duk sinhesteko hi eta hire zorria bardin zaretela.

       Jaunskil potingo bat mintzo zen Oudin aphezarekin. Zerbaitetarik jo zuten Jainkorat. Aphezak erran zion, etzuela han mintzatu nahi Jainkoaz. Takoinaren gainean itzuli bat eginez, jaunskilak erraten dio: Ez dut deusen sinhesterik! Oudin gelditzen zaio beira, harmatua eta erdi irriz. — Zer duzu hola niri beiratzeko, galdetzen dio Thomas koxkok? — Orai ikusten baitut lehen aldikotz sinheste gabeko zoroa; horra zertako beiratzen zaitudan.

 

 

XII.

JAINKOAREN ETSAIAK,
APHEZEN ETSAIAK

 

       Jainkorik nahi ez dutenek, ez dute nahi Jainko gizonik. Batentzat duten higuintza dute bertzentzat. Jaun bat dena solas, dena piko, gorphutza gatzetan xizku hertsi batean bezala sarthua, kokotsa bizarrez aberats, eskularru xuriekin, zigarro bat bethi musuan, gerthatu zen aphezpiku batekin karrosa berean, eta gehiago ariarik gabe, galdetu zion: Zerk berezten zituen beharri-luz eta aphezpiku bat? — Aphezpikuak ezti-eztia ihardetsi zion: Ez dakit. — Nik erranen, dio jaunak: beharri luzek gurutzea bizkarrean baitu, eta aphezpikuak bulharretan. Hori aitzean, guziak hirriz eman ziren. Aski egin zutela iduritu zitzaionean, jaun aphezpikuak galdetzen dio jaunskilari, ezagutuz zer zen: nola berezten da beharri-luz xantillun hedatzaile batetik? Jaunskila harat-hunat abiatzen da, galtzetan hertsi, nihon ezin egonez; nahi zuken zerbait ihardetsi, bainan deus onik etzitzaion heldu gogorat. Azkenean aithortu zuen etzakiela. — Nik ere ez, erran zion aphezpikuak.

 

 

XIII.

JAINKOAK BADAKI ZER DEN ON

 

       Zenbaitek eskasak atzematen dituzte lurrean, eta hetarik, ekharriak dire erraterat ez dela Jainko oro bere nahitarat egin detzakenik. Bainan nork daki, hekientzat gaizki direnak, ez direla on eta behar Jainkoaren xedetan? Erretablek badituzte itzalak, eta itzal hek ez dute deus gastatzen. Ez dakite orok zertako diren oren batean arruda, itze eta eroskak: Gutiago beharrak othe dire hortako? Orroitu behar liteke batbedera baratze zain hartaz, zeinak ikustean khuia herrestan landare flox batetik, eta hezkurra haitzetik dilindan, nahi izan baitzuen zerbait erran. Uste zuen khuia hobeki izanen zela haitz adarrean, errexkiago garraiatuko zuelakotz haitzak, eta agertuko ere zelakotz hezkurra baino ederrago, egon gabe bere egun ederretan belharpean bare eta harren bazka, ezin onduz askotan iguzki eskasez. — Hezkurra ere aski zen khuia landarearentzat. Etzion adarra herrestaraziko bere bultuaz. Nolako sagarra, halako adarra, zion. Behar dire ariak gauzen artean. Ez dire barrikak mahaineko, ez mendiak gizonen sorbaldetako. Hola mintzo zen baratze zaina, eta bero egiten baitzuen, badoa haitz azpi baterat, Zurrungan hasia zen ja, erori zitzaionean sudur mokorat hezkur erdi ondu bat. Jauzten da, ematen du eskua sudurrerat, eta odolez estaltzen zaio. Oh, oh, odola! Beharrik etzen hezkur hori khuia! Akhabo zen ene sudurra!

 

 

XIV.

ONEK EZ DUTE GOIBELIK ATZEMATEN

 

       Gaizki ibili nahi dutenentzat dire goibelak Jainkoaren egintzetan. Onek ez dute hedoi handirik, eta balinbadituzte ere, badioaz aitzinat ungian. Emagun badirela bi herri etsaiak: Urramendi eta Serres. Nihoiz heldu bada Urramendiarrik Serresat, berehala egorria da Xuhaizti deithu erreka basatsu eta sugeti baterat, herri bazterrean dena neguko aldetik. Gainerakoan toki guzia dena lore da, dena lili, mahats, sagar eta zuhamu. Ez diteke baratze arraiagorik. Haize oro eztiak dire, uri oro aberatsak, hotz ala beroa bethi izaritan, hirriak merke, osasun hautuak. Urramendiarrek errege berritzen dute urthe guziz. Errege zaharraz ez da nihoiz aiphurik. Berriak atzea behar du, ez jakiteko legea, herriko jende xehek ere ez dakitena. Eginez geroz errege, arras nausi da urthe osoan nahi duenaren egiteko. Urthe buruan, oro khentzen diotzate gutien ustean, begiak itsutzen eta arthikitzen dute Serresko lurrerat. Han laster ezagutzen dute nongoa den, eta egorzen Xuhaizti errekarat, han nigarretan akhabarazteko. Egun batez Urramendiarrek egin zuten errege Buron, gizon izpiritutsu, zuhur eta prestu bat. Zerbait zitzaion bere erregetasuna; ezin asmatuz zagon nola higan zen hain gora; bainan bereziki hura khexatzen zuena zen, ez entzutea nihor mintzatzen aitzineko erregez. Galdeak egiten zituen zerbait argi nahiz; bainan ihardetsi behar bidean, mintzatzen zitzaitzkon bere handitasunaz. Urguluaren bazkek etzioten asetzen izpiritua. Aitzitik ikusi zuen bazela zerbait gehiago edo gutiago gordetzen ziotenik. Argien eskasean, bilhatu zuen azpikoen ungitzea eta prestutzea. Gudu batean bihotz guziak beretu zituen, agertuz bera hirrisku guzien erdian. Geroztik aiphatua zen urrun. Bainan nahiagoko zuen jakin, oro baino, aspaldion gordetzen ziotena. Bilhatzen duenak egia, atzematen du. Haren berthutez ukitua, ethorri zitzaion gorthesano bat, eta erran zion beharrirat herriko legea. Buronek bihurtu ziotzan eskerrak. Laster uholde batek arthikitzen ditu Serrestar batzuk, untzixka batean, Urramendiko alderat. Ikusi zituztenek lehenik berehala galarazi nahi zituzten; bainan erregek etzuen holakorik aitzen. Ekharrarazi zituen gorterat eta ungiz gainditu. Serrestar lehen jendetarik ziren. Mintzatu zituen banazka eta ororekin egin ezagutzak. Iduritu zitzaionean jabetu zela hekien bihotzez, erran zioten, hekien herrian nahi zituela akhabatu bere egunak, eta egorriko ziotzatela aitzinetik, nihork jakin gabe, bere urre eta zilharrak. Horren ondotik egorri zituen bere herrirat diruz galkhatuak untzi berri batean. Eman zioten bere erregerentzat ere khoro bat, urre eta harri bizi zariona. Geroztik artha guziak zituelarik bere azpikoez, bildu zituen ontasun handiak emeki emeki eta egorri untziz Serresat. Ethortzean khoro galtzeko eguna, etzen laztu; sobera ungi hartuak zituen bidexkak ungi izateko nola nahi. Utzi zituen beraz bihotz onez bere azpikoak soinekoen khentzerat, oin eta zangoen amarratzerat, begien itsutzerat, etsaien herrirat etxatzeko oldez. Serrestarrak erne zauden, eta kosta jo erromes bat bezala heldu zenean hekien bazter baterat, besoetan hartu zuten egin zituen axkidek eta eraman gortherat. Han izan zituen galde ahalikako ungi guziak.

 

 

XV.

GIZONEN EGINBIDEAK
JAINKOAREN ALDERAT

 

       Urramendiko errege hori bezala da gizona lurrean, laster joan beharra handik. Geroak baditu harentzat goibelak, bainan badu aski argi izanik, jakiteko aita Jainkobatek igurikizen duela. Hura ganik du bizia, hura ganik erregetasuna. Ematen diote mahatsek arnoa, aroek bihia, lorek usaina, erlek eztia, harrek seda, osto ferdek kontrapozoina. Izate orok beretzat baino gehiago egiten dute harentzat. Ezagutu behar ditu non nahi Jainkoaren dohainak. Hortik harentzat eginbideak. Egin behar ditu othoitzak, ez Jainkoa egiteko handiago edo dohatsuago, bainan haren handitasunak eta ungiek nahi dituztelakotz agurra eta eskerrak. Eman derauku bizia; zor diogu beraz ezagutza. Hura ganik ditugu adimendu eta gogoeta, behar ditugu beraz hura ganat itzuli. Hark emana dugu bihotza, behar dugu maitatu. Badakitza gure beharrak, ez diotzagu erakusten ez dakitzalakoan, bainan behartzen baikaituzte eta erakusten baiteraukute haren meneko garela. Guretzat da othoiztea; egin dezagun, orroitzeko bethi bihotzean garraiatzen gaituen Jainkoaz eta hari erakusteko gure amodioa lehenbiziko eta hoberen aitari bezala. Othoiztea da, Jainkoari lotzea, haurrek aita besarkatzea. Hobenak izan ditugu Jainkoaren alderat eta barkhatu derauzkigu; diogun bethi erakuts ezagutza. Dugun bihotzez egin othoitz goiz-arrats guzian. Dugun egin minetan, hirriskutan, hutsen ondotik. Ez bedi nihor ahalka lan hortan: ezagutza ez diteke ahalkagarri; bainan gorri bitez eskerrik ez diotenak ungi guzien egileari! Trufa bedi nahi duena othoitz egileaz: Trufak ez du hilaraziren! Trufa bedi trufatzailez; hek baino zuhurrago eta handiago da. Erroez behar da hoberenerat ere trufatu: ez liteke ahalka, hirri egiten baliote zeren dabilan bi zangoen gainean eta ez buruz behera: zorren pagatzea, zangoz ibiltzea da! Beira nihor Jainkoa ahanztetik, nardagarri edo bihotz gabe batzuen trufa gatik! Hekien trufak gehiago balio du, baimenak baino. Bat bederak maita beza beraz goraki Jainkoa, sainduki ibil haren izena, begira haren eguna, ohora burasoa, barne onez ikus laguna, garbi itxik bihotza, utz bertzena, erran egia. Ez da hor adimenduak galdetzen ez duenik, mintzo naiz adimendu hedoiak maite ez dituenaz.

 

 

XVI.

EZ AHALKA UNGI BIDEAN

 

       Parisko eskola handi batean, soldadu gai jaun gazte batek galdu zuen arrosorioa. Lagun batek atzeman zuen, eta haitz bati amarratu josteten orenean, zioelarik: eian agertuko den jabea! Ni naiz jabea, erran zuen gizon gazte eder batek, burua gora bilha zioalarik hirri egin nahi zuten guzien erdirat. Amak eman zerautan arrosorio hori, itxikitzen diot ezin gehiago, eta egun guzian erraten dut! — Ederki, ederki, dio norbaitek. Guziek buruak itzultzen dituzte, eta ikusten dute eskolako jeneralak zioela: ederki, gizon gazte bihozduna. Ez ahalka ungiaz. Egizu bethi hola, eta atherako zare zerbait. Eskolako lehena zen jaun gazte hori jakitate orotan. Gehien jakin eta handienak behar litezke lehen Jainkozko gauzetan. Ez diotzate Jainkoak eman gai hautuak, hobeki zaur dezaten!

       Soldadu berri bat trufatu nahi zuten lagunek, zeren egiten zituen othoitzak. Gudu baten aitzinttoan bildu zituen lagun oro bere gelarat, higan zen alkhi baten gainerat, eta erran zioten: erasiren duzue nahi duzuena, ez naiz ganbiatuko, Jainkoa zuek baino gehiago da: ala ez? Bai naski. Hobe dut beraz haren gogorat egitea. Ez baduzue hola nahi, zoazte oherat! Behar orduan nihork bezinbat bihotz izanen dut. Ez nauzue ni ikusiko bihar beldur suan! Lagun guziak hirriz eman zitzaizkon eta etzioten gehiago trufarik egin: nondik ditezke hirrigarri zeruko aita maitatzen dutenak, lurreko aitak ezagutu nahi ez dituztenak abere batzuek balin badire?

       Gizon gazte batek mehe galdetzen du ostatu batean. Lagun batek hirriz eta trufaz erraten dio: meheko zare holatan? Bai, jauna, zu gizeneko? — Bai, dio bertzeak jadanik gorritua, ikusiz trufa gainerat dioakola. — Hanbat gaxtoago, erraten dio mehekoak! Ez nuen uste hainitz balentria bazela, sahetski baten gatik, lege zuhur baten haustean! Hirriak haren alde eman ziren; gehiago dena, bertze lagun batek ere mehe galdetu zuen, erranez: nik ere badut sinhestea.

 

 

XVII.

GAIZKI GUZIAK EZ DIRE
HILTZE ETA EBASTEA

 

 

       Ez bil, ez ebats; horra hainitzen lurreko eginbide guzia. Aski da hori izateko behar bezalako gizona? Orobat liteke erratea urkhatzen ez diren guziak on eta goibel gabeak direla. Nola izan behar bezalakoak, deus egin gabe Jainkoaren arabera? Behar bezalako gizonak! Hitz hori orrez da, egin diteke orotarat: muthil ergel eta arin hori behar bezalakoa da: errozu ezetz? Behar bezalakoak dire gauza tzarrak onentzat sakhatzaileak, lanen erdi egileak, egun irestaleak alfer, Igandez lan eginaraztaleak beharrik gabe, gazte fundibitailak, zahar mando edo zikhoitzak, lagunen beztaleak, jeloskor, herratsu eta mokhor guziak. Bakhotxak bere ubela gordetzen du, eta oro behar bezalakoak dire! Burdin gorri arrastoa garraiatzen ez duten guziak, behar bezalakoak. Behar bada sobera diot, eta diokete zenbaitek: Ez, ez, bethe behar dire, bethe, bertze eginbideak ere, egin ungia eta utzi gaizkia. Bainan ez ditezke hoik egin Jainkoa utziz edo ahantziz. Orotan dire jauira tzarrak eta hainitz: Nork zainduko ditu lohi, ohoin edo hiltzaleak? Ezpatak naski? Nahi duenarentzat holako zaina! Ez da Jainkoaren beldurra bezalakorik. Hura gabe nihor guti izanen da behar bezalako, ikusia ez bada eta beharrak joa. Nork erran behar bezalakoa dela, gaxtaginak bezala, aitzakia bilha dabilana Jainkoari esker onik ez bihurtzeko agerian, hura ganik izan dituen ontasunez? Hitzez guziak onak dire: aski othe da bakotxaren lekhukotasuna? Etzuen uste Jainkoak, Manamenduak eman dituenean Testament Zaharreko gizonei. Etziren emanak izan, bakhotxak nahi duena egiteko. Aski Jainko Aitaz; mintza gaiten orai Seme Jainkoaz.

 

 

2

 

 

I.

JAINKOARI
BAZIOAKON EROSPENA

 

       Gauzak batere ungi ikusi nahi dituztenek errexki sinhesten dute Jainko Aita bothere guziak dituen eta zeru lurren egilean. Lehen gizon eta emazteari hark eman zioten bizia. Ez eginez haren gogorat, galdu zuten garbitasuna, zeru lurren arteko aria guzien lokharria. Urrundu zen gizona bere Jainkoa ganik izari gabeko eremu batez eta jarri Jainkoa baizen ezin bethe zorigaitzezko leze batean. Jainkoari othe zioakon eskergabearen ondotik abiatzea? Ungi othe zen harentzat Erospenaren asmua? Urrunago joan gabe, dugun xuri galde hori.

       Ikuspen ederrak dire begientzat gaua arin, zeru dena izar, hedoi xume bat nihon ez. Oi estalki aberatsa gizon izpiarentzat, Jainkoaren erriek egina! Egunazko sepharen ondotik heldu da ihintz perladena lore, osto, belhar eta zuhamuentzat; samurduren ithurri, ferdailuentzat. Lo orenean sortzen da ixiltasun maite eta kortesano bat. Egunak bakharrik garaitzen ditu zeruaren gauazko arraiziak: hartarat hobeki orroitarazteko bezala gizonak, beltz ematen du lurrak orduan!

       Ttinttoila bat diruri untzi batek urrun itsasoan; hedoietarik uli ematen du arranoak, nahi bezain andana handiak dituen bere hegal zabaletan. Lurra ere gauza gutia da beiratzen bazaio urrundik: urguluak eman dio mundu izena. Higan litekenak izarretarat ez lezake ikus, edo ager litzaioke pilota bat bezalatsu. Izarrak handiago dire. Hek dire munduak! Nihor ez othe dute garraiatzen? Ez othe da hetan adimendu dunik? Gogor liteke sinhestea mundu eskax bat edo lurra dela bakharrik adimenduaren egoitza, eta mundu ederragoak bihotz edo ezagutza gabe direla.

       Lurra bezala itzulikatzen dire izarrak, eta badituzte gau, egun, hotz eta beroak. Lurra bezala, aldamiho eder bat da izar bakhotxa zeru ikusteko. Badute bere argia han ditezkenek. Asko dire handik baizen ezin ikusiak, eta ez dituzkenak Jainkoak egin bakharrik kataloxadunentzat edo izate itsuentzat. Zenbatenaz begiek urrunago ikusten baitute, hanbatenaz mundu gehiago atzematen da; mundua munduari dario gure gainean: girgileria huts eta mihi gabe batzuek othe dire? Ez othe dute adoratzailerik? Zabalduz dioaz jakitaten mugarriak: eder liteke ikusten balire izarretan uda aberatsak, negu biluziak eta adimenduaren lanak.

       Badire izarretan iduriz higitzen ez direnak. Ez dabiltza hek iguzkiaren inguru, ez dio agur edo khurrik egiten. Bakhotxak nausi edo errege bat diruri: Zer othe dire? Sinhets othe diteke hedatuak direla, hondo gabeko zeruan, gure ohatze ilhun hunen argitzeko? Uste izateko da hobeki bertze munduen iguzki direla. Ez diteke jakin zein urrun diren, izari guziez goiti dire. Bizkitartean hedatzen dute argia lurreraino. Bertzetarik hartzen balituzte ginharrak, ez letzakete gu ganaino hel hain urrundik. Nondik dute bere argia? Bertze izarrak baino urrunago dire, nahiz bardintsu diruriten andanan. Bertzek ez lezakete argi hekien tokitik. Ez ditu iguzkiak argitzen; berenaz dire argi, nola iguzkia. Bakhotxak behar du bere erresuma birungako herrietan. Zertako dire? Gure iguzkiak baditu munduak inguru: bertze iguzki hoiek zertako ez dire izanen izpiritudunak? Halakoez goiti doako Jainkoari bere erresuma.

       Deus guti da lurra goragoko munduen aldean. Haren ezeztatzea, osto baten adarretik galtzea bezala liteke munduko oihanean. Ostoa mundu bat da asko marmaloentzat: hura diruri lurrak zeruko eremuetan. Erran behar othe da hortakotz Jainkoak axola guti duela gutaz?

       Deus gutiak garen arren, Aita handi eta hoberen baten haurrak gare; artha du gutaz, eta badugu deskantsatzeko haren galtzarrean. Ezagutzen ditu mundu oro eta bakhotxa. Eskuinean dute guziek, hats eta ontasunen ithurri. Mundu batek galtzen duenean haren ezagutza, baliteke hor haren galarazteko; bainan ez othe da ukigarriago ikustea Jainkoa haren ondotik, sarrarazi nahiz berritz bide onean? Baldin Aitak jo nahi badu, gaizki othe da Semearen ararteko sartzea?

       Bainan gizona deus guti da munduko oihanean? Nahiz ba. Gauza handiak bezala, xumeak ere Jainkoak egin ditu. Batzuek ez dute unhatzen, ez bertzek nardatzen. Mundu ilumini handi ala ttipiak haren begiek dituzte argitzen, haren besoek higitzen, haren arthek zaintzen. Non dute bihotza nahi luketenek Jainkoak ez beiratzea lurrerat zeren den hobenduna eta gauza gutia?

       Uli edo marmalo batzuek gare; bainan Jainkoa ez da gu bezalako itsu eta herbal bat: ez du eskas ahal eta argi, heda dezake dioakon tokirat. Hark izate bakhotxarentzat dituen arthak neurtu behar dire handitasunak haren bihotzari zabaltzen diozkan mugarrietan. Ez diteke alde batetik ttipi, adimenduak bertzetik izari gabe handitzen duen Jainkoa. Mundu handienen arthek ez diozakete hets bihotza mundu ttipi eta beharrentzat.

       Hainbertze balio luke erratea Jainkoa unhatu dela bere gauzez, edo galdu dituela bere ahalak, ez dukela gehiago. Bainan horren sinhesteko, behar litezke erakutsi Jainko lan hasi eta ezin akhabatuz utziak. Bada halakorik? Ez othe dire loreak hastean bezain eder, landaren erroak nihoiz bezain xorotx eta egarri, hedoiak aberats, bihiak gordo, zuhamuak zardai, sua bero, horma hotz, elhurra xuri, abereak hazkar, ilhargia ezti, izarrak bizi, egunak arrai? Ez diruri nihongo arthek ahantzarazi diotzatela oraino Jainkoari lurreko beharrak.

       Diot gehiago: gal lezake bere erregetasun handitik, baldin hiltzen balitz ihizirik xumena haren nahia gabe: ihizi guziek baino gehiago balio du bada gizonetan azkenak. Balin bada bide bat goiti bethi luzatuz doana, bada bertze bat bethi ttipituz doana. Bat bertzeari doako. Goran dire mundu larriak; beheran, ttipiak. Izarra mundu bat da, bai kharloa ere. Lurrari darraizko zuhamu, jende eta herriak; arregan bizi dire marmalo osteak. Goran bezainbat bizidun bada lurpean. Zeruko eremuetan, begien eskasa gatik ez da gehiago ikusten; orobat lurrean. Gauza xumeak handirazten balituzte begiek, balukete bethi ikusteko. Orai bada, zertako gorde Jainkoaren arthei lurreko gauzak? Gorakoez artha badu, zetako ez beherakoez? Ez diteke handitasunean pasaia, ez balitz jausten gora doan bezain behera. Ikuspenek behar dituzte izartu haren arthak. Egiak lehertu nahi ditu hori ikusten ez dutenen begiak. Hainbertze gauza handi eta ttipiri buru ematea, gauza handia da, bainan Jainkoak ez du nihon athekarik, ez du berina beharrik ikusteko gora beheretan.

       Gizonaren begiak badioaz mendiz mendi, herriz herri, izarrez izar; bainan hein batetik urrun edo gora, oro akhabo dire hekientzat, nahiz adimenduak adirazten duen badirela oraino eremuak. Ageri diren guziak suntsiturik ere, balitezke oraino toki handi, eder eta distiantak, zeruko bidetan. Gizonak ez ditu hek ezagutzea; bainan izan ditezke adoratzailekin. Ez da hetaz mintzatu lurreko arimen ondotik ethorri dela sinhesten duguna: etzen ethorri bidean zer zen erraterat. Lurreko erregek egortzean aitzindari bat nahasi zaion herri baterat, ez luke deus handirik errateko bidean ikusi gauzez. Bainan behar bada noiz edo bertze zerbait adiraz lezake. Liburu sainduetarik athera diteke Erospena ezagutu dutela gorako herrietan, eta behar bada izatu ere dutela zenbaitek laguntza beraren beharra.

       Guk deus ez jakinik ere bertze arteko munduen beharrez, hangoak izan ditezke jakinsun gure erorikoaz. Adamek bazituen aria handiak Jainkoarekin eta aingeruekin, erori aitzinean; hortik harentzat argi gero izan ez dituenak. Aria berak izan zitezken bertze mundutakoentzat, eta galdu ez badituzte bekhatuaz, badukete gizonek baino ikuspen gehiago. Beraz, nola erresuma bazter bat nahasten denean, begi guziak harat itzultzen baitire, bertze eremuetan xutik egon direnak jar zitezken eroriari beira. Ikusi badituzte gizonak Jainkoaren kontra altxatzen, min izan dute; bainan hobeki baizen ez dute gero maitatu, ikustean etzituela hobendunak galtzen eta urrikian barkhatzen ziotela. Jainko gizonak berratu zioten bihotzeko kharra urrikalmenduz egin urratsaz; erospenako berriak jo zuen erresumaz erresuma, eta benedizioneak izan ziren bildots hilarentzat zeru, lur eta izarretan.

       Mundu bakhotxa erresuma guziko herri bat bezala da. Erresumak ez du izaririk. Doiean dakitzate gizonek bere lurreko mugarriak. Jainkoak ezagutzen ditu munduko gathen buru guziak; hark daki zenbat erreztun dituen gatheak: nolakoa etzen behar mundu neurriz kanpoko hoikien errepika, Jainkoak ithotzean hasarredura amodiozko odolaren itsasoan! Lurreko erregek odol ixurtze eta herri xahutzetan dituzte handitasunak. Maitagarriago litezke emanez bake nahasiei, jateko beharrei; holako lanei darraizkote urrezko lokharriak bihotzetan. Hola egin duten erregeak dire hobekien ikusiak: gaizki izanen othe zen bide horren hartzea gizonen Erospeneko?

       Eritzen denari darraizko etxe guziko arthak. Xirinboletan, amak itsasoz duen haurraz du bere bihotz min guzia. Irla batean sartzen badire leher egin duen untzi bateko gizonak, haurride oro herrian bat dire hekien erromesiatik atherarazteko: Gizonei lehertu zaiotenean zerurat eraman behar zituen untzia, etziren khexatuko eremuetan diren aingeru, izpiritu edo ahaideak?

       Bi ahur lurren gatik, ikusi dire erregeak soldadu eta inginadore biltzen. Lur hark izan balu adimendua, bazuken uste izateko hainitz balio zuela. Bainan etzen hura gatik ixurtzen odola. Lurraren aitzakian, urgulua eta nausi izan nahia ziren jokoan. Gauzak baino gehiago eginarazten du errankisunak askotan. Omenari itxikitzen diote eta itxiki behar ere erregek: bai Jainkoak ere! Lurra, gizona erori den tokia, gauza gutia zen, bainan erresuma handi bateko bazterra; maitatua behar zen urrun, othoitzak etziotzaketen guphide, etzioan hartaz bakharrik, bertze berrietan bazituen ahaide edo lagunak, eta etzuten othe sokhorritu nahiko?

       Ez du zeren nihork Franziari egin asikirik. Jainkoak beira haren haurra ukitzetik, haren soldaduen arlotatzetik, haren azken etxola larrutzetik! zinak eta minak lituzke laster. Altxa liteke enperadorea, irakitan jar ezpatalaria, odolean garbitzeko trufaren arrapoa. Holako zerbait egin zion ifernuak lurrari: debruak erorarazi zuen gizona, hedatuz sareak eta arimak biluziz bere garbitasunetik, eta etziren othe altxatuko herri on eta bihotzdun guziak? Erospenaren etsaiek ez dakite zer darasaten, ez zer nahi duten!

       Errege batek atzematen du haur bat oihanean, nigarrez eta biluzia. Badaramaka gortherat eta altxatzen du eskola hoberenetan. Ungi guziak izan ondoan errege ganik, haur dohakabe hark ematen du buruan khendu behar diola khoroa, bainan ezagutzen diotzate bere xede beltzak. Egortzen dute burdinetarat, urkhatzeko eguna ethor artean. Etzirurin nihor urrikal zitekela hartaz, ikusi ondoan haren beztasuna eta bere ungi egilearentzat izan zuen esker gabetasuna. Bizkitartean erregek badu seme nihon ez den bezalako bat. Min du aitari egin zaion laidoaz, bainan bihotza hain du on eta bera, non urrikaltzen baita hobendunaz. Ez dezake heriotzetik beira, haren burdinak hartuz baizen, hala da legea: hartzen ditu! Burdinei zioakoten heriotzea, eta orena hurbildua zen. Oro harritu eta ukituak ziren gerthamenaz. Nahi zuketen barkhamendu eskatu seme on eta hautu harentzat, bainan etzen parrik, hil behar zuen. Oro bilduak ziren herio tokirat, erdian zen urkhabera. Higaten da goiti errege semea; bainan burua hedatzean soka-lasterrerat, hor non korapilioa barraiatzen den! Haizkora hartzen du hiltzaleak, bainan hari ere hor doako burua! Oro jartzen dire oihuz: Grazia, grazia! Zerua mintzo da! Ez du nahi seme maite hori hil dadin. Grazia! Bainan oi gauza harrigarri ezin sinhetsia! Norbaitek dio: Ez, ez graziarik! Jarri da hiltzeko, hil dadiela!

       Nor dago oihuz? Erregeren semeak gathetarik atherarazi duena!!! Jendea othe diteke hura? Ez othe da zenbait aberek sabelean garraiatu eta nonbait arantze bezala arthiki? Areagoak dire Erospena ukhatzen dutenak. Ez dute nahi Jainkoan errairik, eta izan baditu, ezeztatzen dituzte!!! Bainan ez da gutiago ageri Jainkoari bazioakola Erospena; agindu ere zuen, gizona erori orduko.

 

 

II.

JAINKO-GIZONA

 

       Bera eman zen Jainkoa Erospenako bidetan, Jainko bezala galdetuz justizia, eta gizon bezala pagatuz zorra, gizontasunaren eskasa bethetzen zuelarik jainkotasunaren gaindiak. Hitz eman zuen emaztea ganik sorthuko zela norbait lehertuko ziona burua suge enganatzaileari eta gizonak atherako zituena lezetik. Mendez mende agintza hori erreberritu zitzaioten Noe, Abraham, Isaak eta Jakuberi. Moisek izkiribuz ezarri zuen. Hastean nihork etzakien non eta nola sorthu behar zuen Salbatzaileak; bainan gauza argituaz joan zen; ezagutu ziren urrundik populu eta etxe, haren ethorki beharrak. Gizona behar zuen, Ebaren adarretik zenaz geroz; bainan indar handiz dohatua ere behar zen, lehertzeko etsaiaren burua. Lurreko nazione guzien gainerat deithu behar zituen benedizioneak; berezia behar zen, ororen igurikimena, esperantza eta nahia; salbamendu, nausi, argi, aria berriko buruzagia, bethiko apeza, justiziazko iguzkia, sainduen saindua. Lau mila urthez holako agintzek ernatzen dituzte gizonak. Patriarkak dire lehen argituak, populu bat bada hautatua; badire othoitz eta sakrifizio, itxura ezin ahantziak, profeta ethortzekoaz bethi mintzo direnak. Altxatzen, suntsitzen, baltsatzen dire erresumak, errexteko Mesiaren bitoria, Patriarkak hiltzen dire hura ikhusi nahiak; gozatu nahi lukete justuek; etxe orotan dire hari bizia eman nahi lioketen emazteak. Hiltzerakoan Jakubek erakusten du; Danielek badakitza urtheak, zeinen ondotik hilen baitu eta ukhaturen bere populuak. Sarthu behar du Zorobabelek egin tenploan, Aggeaz eta Malakiaren arabera, han du bere etxea, hango Jainkoa da. Mikeak Bethleemen sorrarazten du. Dabiden adarretik behar da, eta Biriina behar du ama, dio Isaiak. Bide egiteko bezala, aitzinean doako morthuan oihu egin behar duen bat Judako hiriei: huna zuen ganat heldu den Jainkoa. Hura ikustean jendek erranen dute: gure Jainkoa (Jer. 23 eta Is. 25). Itsuek ikusiren dute, gorrek entzunen (Is. Ib.) Akhabo izanen dire sakrifizioak; Berbo dibinoak hartzen du gorphutza (Ps. 39). Jerusalemen sarthuren da itxura goibelekin, bainan ezaguturen dute errege eta salbatzailetzat (Zak. 9) Hilen dute, erran duelakotz Jainkoaren Semea dela (Sap. 2) Joanen da heriorat bildots bat bezala bekhatuen gatik (Ps. 53). Salduko dute hogoi eta hamar Korradutan (Zak. 11). Ez diotzate bekhaiztuko thu eta beharrondokoak, gaxtaginekin emanen dute (Is. 50 eta 53). Zehaturen dute, itzaturen oin eta besoetan, kheldarrez aseren, biluziren (Ps. 21). Jautsiren da hobirat, guti han egoteko: saindua ez da usteltzen (ib.) Utziren du lurra eta ardietsiren orotako eta bethiko erresuma (Dan. 7).

       Hitz hoik guzien arabera, Mesiaz Jainkoa da. Noren baithan gerthatu dire? behar da jakin salhatzekotz. Ethorri bada, mintzatu da eta erakutsi ditu bere xedeak. Ezagutuz geroz xede hek, behar dire bethe, ez da ametsetan egoterik. Errege batek egortzen ditu bi gizon perlaketarat, erranez noizko behar duten gibelat ethorri. Bat joaiten zen gau guziz itsas bazterrerat argia eskuan, eta egiten zuen lo egunaz indar biltzeko. Bertzeak jostetan zaramazkan egunak, eta etzituen sobera gauak lo egiteko. Bizkitartean bazioan ametsetarik itsas hegirat; bainan ez baitzakien zer hari zen, perlen orde, maxkurrak biltzen zituen otharre baterat. Etxerat zenean, husten zituen kutxa baterat, eta bazioan oherat. Ametsik ederrenak egiten zituen bere perlez, eta iratzartzean, uste zuen egiak zirela. Burua hartua zuen bezala jostetez, etzituen nihoiz bere lanak argitarat ematen. Gortherat ethorri behar izan zenean, lehen perlaketariak erakutsi zituen erregeri harri hautuenak, eta ardietsi zuen hiri bat saritzat. Bigarrenak etzuen gutiago igurikitzen bainan etzuenean atzeman bere kutxan zenbait maxkur huts baizen, zer harridura! Trufatzat hartu zuen gauza erregek, eta leherrarazi zuen amets-zalea bere peskaren azpian. Egiten dutenek Salbatzailearen arabera, izanen dute saria bainan zorigaitz ametsak aski zaizkotenei!

       Mende zaharrean etziren xoilki Juduak igurikitzen zutenak zeruko norbait, gizonen argitzeko. Duela bi mila urthe, sinheste oro goibelduak ziren alegia eta asmu berriz; bainan higan nahi duenak gorago, atzemanen du Jainko baten sinhestea, eta Jainko hari darraizko Inkarnazioneak edo gizon egiteak. Erresuma zaharrenetarik da Sina: onhesten zuen Jainkotzat Trimurti, hiru presunetako Jainkoa. Presuna hekien izenak ziren Brahma, Vixnu, eta Siba. Hiru presuna berezi hoik bazuten batasun handiena. Hekien itxurak batzuetan egintza bereziekin dire, eta bertzetan hiru buruekin gorphutz berean. Erromano eta Grekek bazituzten hirur jainko nausi: Jupiter zeru-lurretako, Neptunio itsasoko eta Pluton ifernuko. Egiptoako Trinitateari zarraizkon Isis, Osiris eta Hor. Oraiko Fransesen lurrean, Gallegoek bazituzten Esus, Taranis eta Teutates, Trinitate Jainko bat iduria egintza bereziekin. Ez dire hoik sinheste zaharretan atzematen diren Trinitate guziak; bainan ez naiz gehiagoz mintzatuko; ezin akhabatua liteke.

       Badire gizon jakin eta handiak, Jainko, gizon edo Inkarnazione hoik salbatzailearekin izartu nahi dituztenak. Errex da nor nahiri erakustea ez dutela Jainko dohainik, ez dutela ere bizirik izan zenbaitek. Jendez trufatzea liteke hoikien jainkotasunerat altxatzea. Hoiki lotzen dire Jainkorik nahi ez dutenak. Zurubian behera dioaz, argirik ez ikusteko, oro nahasiz eta baltsatuz. Bainan hedoiek bide egin behar diote iguzkiari; hori guziak ez dire urre; gezurra egiaren itzala da: profeta egiazkoek sorrarazi dituzte gezurrezkoak! Zenbait gizonek Jainkoarena egin nahi zuten, ximinoek gizonarena bezala!

 

 

III.

JAINKO GIZON EGINA BAKHARRIK

JESU-KHRISTO

 

       Jainko batek gizon egin behar zuen: ez da Jainko gizon eginik Jesus baizen. Hura da bakharra, presuna berean erakutsi dituena Jainko-gizonaren lanak. Ez naiz zimendurik gabe mintzo hoin trebeki. Bilhatu dut zer zion iztorioak mendetan agertu direlako Jainkoez; badakitzat hekien egintzak, eta zilhegi zait mintzatzea egiaren alde, bertze hainitz gezurraren alde mintzo diren kopetarekin.

       Jesusen ethortzeak baditu 1858 urthe. Profetak ixilik zauden bortz ehun urthe hartan. Agintzarik aski izan zen, ikuspenari beiratzeko. Orotan bazen zeruko laguntza beharren aithorra. Ustea zen Judeatik ilkhiren zela erregen errege bat, eta hartako iguzki aldea zen bihotz guzien ohatze arraia. Juduek eskuetan zituzten agintzen liburuak, eta etziren nihoiz erneago izatu. Oren handia ethorria zen: judak galdua zuen nausitasuna, iragaten ziren Danielen hirur hogoi eta hamar urtheak. Zeruko aingeru bat egorria da Dabiden odoleko Birdina baten ganat; hartzen du Izpiritu-Saindua ganik eta ematen mundurat haur Jainko-Seme deithua. Hark Bethetzen ditu prefetek erran guziak hogoi mende aitzinetik, iduriz ezin zitezkenak; bethetzen denbora, toki eta itxura aginduetan. Jesus Jainkotzat hartu dutenak enganatu badire, Jainkoak enganatu ditu: Jesusek erakutsi ditu Jainkoaren piko guziak. Oraiko Juduen aitek, guk bezala, aditzen zituzten profeten agintzak Salbatzaileaz. Bertzela mintzo badire oraikoak, hanbat gaxtoago! Bere aitak arnegatzen dituzte. Hekien arabera, igurikia zen Salbatzailea duela bi mila urthe hurbil; ez da zeren gehiago iguriki; ezen ethorri behar zuen denbora, bortzetan iragana da, eta hark sartu behar zuen tenploa, aspaldi barraiatua. Jesus sorthu da Bethleemen, Dabiden odoletik, joan tenplorat; Joannesek ondoan erakutsi du. Bera hasi zenean mintzatzen, mirakulua zarion eta nihor etzen hura bezala mintzatu; Moises eta Elias jausten dire haren adoratzerat; debruek aithortzen dute Jainkoaren Saindua dela; herioari khentzen diotza hilak; berthute guziak distiatzen dute hura baithan. Horrek hirarazten ditu Juduen buruzagiak, eta ezin garaiatuz bere herra, bilhatzen diotzate etsaiak, joarazten dute, khelderrez asetzen, biluzten, hilarazten...

       Egin dituen lanek erakhusten dute Jesus Jainko zela. Hark baino lehen, mirakuluak egin zituzten Moisek eta Eliasek, eta geroztik, Apostoluek ere egin dituzte. Halere ezagun du Jesusek bere izenean egiten zituen mirakuluak; bertzek, muthilek bezala, nausiaren izenean. Jainko seme zen, eta zion: ez baditutzue sinhesten ene hitzak, sinhetsazue lanak, ezagut ene Aita ni baithan dela, eta ni Aitarekin naizela. Argitzen duen itsu bati galdetzen dio, sinhestea hura baithan Jainko Seme bezala (Joan. 10). Paralitikoa sendatzean, nahi du jakin dezaten Jainko Seme bezala duela indarra bekhatuen barkhatzeko. Hala behar zen, ez erratekotz Jainkoak lagundu duela gezurra mirakulu ezin ukhatuz!

       Nahi balire gauzak ungi xehatu, ez liteke den bezainbat hedoi egian. Zenbaitek izen handi guziak nahasten dituzte; bat bertzearekin altxatzen, gero guziak betan ehozteko. Gehienek behar bada jakitate eskasez egiten dute bokhata hori, nola askok urgulu zoro batez egiten baitute sinhestegabearena. Jaun batek erran zion aphez bati: ez dut ikusirik baizen sinhesten. — Sinhesten duzu bederen Jainko bat badela, erran zion aphezak? Doala hori. — Arima bat badugula? — Hori ere; bainan ez ifernurik badela. — Sinhesten duzu noizbait Jainkoa agertu dela lurrean? — Ez, jauna, ez. — Irakurri ditutzu Salbatzaileaz Daniel, Isaias, Jeremias eta bertze profetek aginduak? — Ez, jauna. — Irakurri ditutzu Jesusen mirakuluak, egunaz eta lekhuko hoberenen erdian? — Ez, jauna. — Irakurri ditutzu Jesusen mirakuluen kontra erran direnak? — Ez, jauna. — Irakurri ditutzu Origenes, Tertullien, Justin, Agustin, Fenelon, Bossuet? — Ez ditut ezagutzen ere izen hoik. — Errazu beraz xoro bat zarela, eta ez bertzerik.

 

 

IV.

JESUS EZ DUTE EZAGUTZEN
UKHATU NAHI DUTENEK

 

       Jesus ez dute ezagutzen ukhatu nahi dutenek. Nihor ez da agertu haren arraiziekin. Piko berezia zuen. Beretzen zituen bihotzak, mintzatzen hasi orduko. Jainkoa bilhatzen zuen, hartaz zen mintzo, haren kharra zirurin. Deus etzuen nahi lurrean. Erregetu nahi bazuten, ihesi zioan. Min arintzen eta sendatzen zuen bere ona; biltzen zituen haurrak, bekhatoreak besarkatzen. Adixkide baten hiltzeak eta Juduen gogortasunak nigarretan urtarazten zuten. Etzuen ikusten hil bat non etzuen pizten, itsu bat non etzuen argitzen, elkhor bat non etzuen ernatzen, maingu bat non etzuen xuxentzen. Karitate, garbitasun eta eztitasunak ez dute izan halako mirailik. Jende xehean etzuen izan argi emailerik; bera hasi zen errotik gauzen erakusten, erakutsi oro berak eginez lehenik. Etzen beldur izan higateko lan eta minen zurubia, eta nork erran zein ukigarria izan zen bide guzietan! Etzioten nihoiz amorrik eman eginbidei. Haren solas bakhotxa argi bat zen, lausengu bat, amodioaren deihadarra; etzezaken izi bekhatorea: hekientzat heldu zen! Lanzkatzen zuen ungi egilea, erranez: azken gizonaren laguntzea, haren beraren laguntzea zela. Zer oihu mina, ikustean galdu behar duen hiria: Jerusalem! Jerusalem! Hiltzalentzat othoitzez zagon: Aita, barkha diozozute; ez dakite zer hari diren! Hemezortzi ehun urthek ez dituzte goibeldu haren argiak, ez hil haren aldaretako sua. Oraino haren irakuspenek aphalarazten dituzte buruak, orroitzapenek sustatzen bihotzak, kharrek sorrarazten martiren harmadak. Errege eta nausi da eskola, izpiritu edo bihotz hautuenetan. Zer diteke miragarriagorik? Elengatzen da heinbateraino haren maitatzea bizian: Lainhoa zen, eztia, grazia eta ungi zariona. Handitasuna gatik, arraia zen ezin gehiago. Bilhatzen zituen etsaiak, ungiz gainditzeko; haurrak benedikatzeko; aberatsak, nihor ez berezteko. Amultsu bezain urrikalmendutsua zen. Gorthesano berezi bat zirurin; nihongotz etzen gaizki. Ez izanik ere izatetan maitena, handiena izanen zen. Oi bizi ukigarria! Nihork ez du irakurriko, begiak idorrik: Jainkoa agertu bada lurrean gizon itxuran, etziteken bertzelakoa.

 

 

V.

JESUS BADA EROSTALEA,
EZ DITEKE BERTZERIK ADORA
LAN BERA EGIN DUTELAKOAN

 

       Jainkoa agertu da, agindu zuen bezala. Badioako sinhestea, eta ez dioako bati baino gehiago; ezen hura mintzatu da. Sinheste bat baino gehiago jasatea lurrean, sinheste ororen ehoztea liteke. Batek erran du aski zer dioten gizonek zor Jainkoari, eta nola bihur ezagutza. Sinheste guziak bardin balire, Jainkoaren irakuspenak deus ez litezke. Nahi duenak nahi duena egiten ahal luke; ungi liteke Kristo Giristinoek adoratzea Erroman, Mahometanoek higuintzea Konstantinopolen, Juduek arnegatzea Santu-Izpiritetan, Mandarinek ostrikatzea Sinan, basa gizonek ez ezagutzea Othaitin. Hori liteke erratea bardin zaizkola Jainkoari egia eta gezurra. Ezen bat bertzearen kontrako sinheste hoitan bat baizen ez diteke egia. Ez diteke nihondik Kristo batzuentzat Jainko, egia bada bertzentzat gizon eta gizon enganatzaile bat. Ez da hor harat hunatik: Jainko bada, orok eta non nahi behar dute adoratu. Jainko ez bada, nihork ez du behar agurtu. Jainkoari sinheste oro bardin zaizkolako bidean, nihor ez diteke deskansu. Aitzitik hirrisku handienean liteke bat bedera. Ezen Jainkoak eman dituzke eginbideak gizonari, bethetzen ez baditu, bere zorigaitzetan. Ez xoilki eman dituzke; bainan eman ere ditu. Geroztik, eian baden deskansurik hekien arabera bizi ez direnentzat! Bere nahiz ematen dire hirriskuan. Kristoren Jainkotasunak ez du goibelik: Haren irakuspenek ethorkizuna agertzen dute aski. Balitz ere zerbait goibel, irakuspen hek, bere adinaz, hedaduraz, goratasun eta garbitasunaz, egin dituzten ungiez, badituzte hain egiaren itxura handiak, non ez baita nihor gai hekien gezurtatzeko. Erran lezaketenak ez direla Jainkozkoak, ez litezke zimendurekin mintza; bere nahiz zorigaitza hirriska lezakete. Beldurra balitz ere othe den bethiereko bizirik, zuhurtziak galdetzen du hoberenerat jokatzea.

 

 

VI.

BRAHMA, VIXNU ETA SIBA
EZ DIRE JAINKO

 

       Hainitz buru mota da lurrean: Jakin guti, mintzari hainitz, lerro ezin akhabatuak arthaldetan, buruzagiak bakhan. Mintzo naiz bide goibeletan alha direnez. Ez daramatza ungiaren kharrak; ezen etziteken hainbertze ez axolatu, jakin gabe bederen, eian ethorkizuna jokatu zutenek hedoiean bazuten berek sinhesterik bere erranetan. Gizon handiek gauzak urrun ikusten dituzte; asko gauetan argi eman dezakete; bainan ez dakit zer othe ziren hainitzen xedeak, uztartu dituztenean Kristorekin Brahma, Budda, Vixnu, Siba, Isis, Osiris, Hor, Zoroaster, Likurge, Numa, Mahomet, Luter eta Calvin. Hemen aiphatu nahi nituzken jakinak gai dire ikusteko berek, ez dela iduripenik xumena Kristo eta bertze izen hoik garraiatu nahi dituztenen artean. Zenbaitek ikusi nahi zuten behar bada, jostatzeko, zein errexki buru arin eta ergelek sinhesten zituzten jaiuren araberako irakuspenak: josteta itsusia! Dena den, ezpainetarat beira hirriz daozkotenei erran diozakete: ez duzue ikusten burlatzen garela zuetaz? Aitzakiak nahi zintuzten nahien arabera egiteko; erran dautzuegu nahi zinutena; bainan gure erranek zer zimendu dute? Gizonak gare, mintzari ederrak nahi baduzue, bainan ez dugunak ikusten gizonen izariez urrunago. Zertako duzue hoin sinhets errexa? Zertako hartzen ditutzue lanbroak egiatzat? Ezen gure erran guziak zer dire? Egiaren asiki batzuek. Tuiek ez dute sinhesten hobendunek bere alde mintzazeko hartu duten gizona: Tontoak ez ditu ernatzen bertze baten atzartasunak, ozarkeriak ere ez du hilen egia! Bainan detzagun ezagutaraz hekien Jainkoak.

       Brahma, Vixnu eta Sibak egiten dute Industarren Trinitatea. Brahma da maizenik lehen presunatzat hartua. Ez hirririk egin: hark egin zuen mundua arroltze batetik. Gaineko kroskoa jarri zen zeru, azpikoa lur; erdia airek bethe zuten. Ez du nihork erran zer bilhakatu zen gorringoa, nahiz kroskoak baino gehiago balio zuken. Naski Jainkoak iretsi baitzuen gosaitako, lanaren ondotik! Brahma ganik dire sainduak, zeinen artean handi baita Narada, xirolari bat, trufaria, nahastalea, ikus ahal guzien porroka garaitzalea; arras ez bada, bederen heinbateraino, ergelen miraila. Zerua eta lurra jendez bethetzeko, Brahmak egin zituen ehun muthil eta ehun neskatxa; bainan oro zeruan gelditu ziren; etzuen batek ere jautsi nahikatu lurraren iraultzerat. Orduan egin zuen gizon bat: Brahaman. Nola oihan guziak basa abere baitziren, gizon berri hori errenkuratu zitzaion deus etzezakela egin eta nihorat etzioakela. Brahmak athera zuen besotik seme bat, Brahmanen zaintzeko. Bethi zelatan egonez ez baitzezaken bil jatekorik, hura ere errenkuratu zen, eta Brahmak athera zuen laborari bat ixterretik. Azkenean agertu zuen nonbaitik laugarren gizon bat, ororen muthil izateko. Balentria handiak dire hoik. Guzien gatik, Industarrek ez diote ohore berezirik bihurtzen Brahmari, gaindiz diren arren erresuma guzian Vixnu eta Sibaren Elizak. Gure herritako jakinek nahi liokete egin bere haurrek baino gehiago: nork zer behar du erran, bereziki jakitean zer putikoa zen Brahma? Jainko nausiagoko batek arthiki omen zuen zerutik, gaizki ibili zuelakotz saindu bat bere etxean. Barkhamenduaren ardiesteko miliun urthez ibili zen xingili! Lau aldiz ganbiatu zen gorphutzez. Ikusi zen aldiz lohi, nigarti, bele, izkiribatzaile. Lau buruekin agertzen dute. Bazituen bortz; bainan Sibak khendu edo ebaki zion bat, arinegi atzemanik. Joka nezake gure arteko jakin zenbaitek buru ideki hura atzematen dutela adoragarriena, zeren galdu zuen hek maite duten guduan. Nola nahi den, bekhoki behar dute horren izartzeko Jesu-Kristorekin. Arroltze batetik egin da mundua; berak egin bazuen arroltzea, oilo behar zen, gizonak banazka egin zituenaz geroz, batek bertzearen beharra irakutsiz. Trinitateko presuna dela diote! Nihork jakin gabe nola, iztapeka aurkitu zen lore baten gainean. Berak etzakien zer zen, ez nondik heldu zen. Bertze Jainko batek eginarazten zion othoitz, ikhasteko etzakitzanak. Egun goibeletan sorthu zen, nihork ez jakin noiz. Ez ninteke beldur errateko nihoiz ez dela izatu Brahmarik, eta alegiazko izen bat dela hori, sorginena bezala: xoroak baitire, eta izanen ere bai, mamuek behar dute bizi! Ez du balio mintza gaiten Brahmaren nigarrez gaizkien ondotik. Beldurtzeko zen haren aurkitzea eskaile eta nigarti guzietan. Etzuen deus irakutsi ikusten ziren gauzez baizik, non etzen berri handi bat lurra xitan egotea, egiteko gizona arroltze bat bezala. Bainan dugun utz izate bitxi hori, ikusteko Vixnu.

       Presuna horrek haur baten itxura du batzuetan, suge bat azpian birabira jarria, ohe egiten balio bezala, altxatuz bere ehun buru pabiluntzat, iduri gaineko arrundan hupa edo flokak. Uren zelhaiean hedatzen da ohe miragarri hori, Vixnu gainean lo dagoela. Ez du bertzerik egiteko. Holako Jainko onik baliteke bertzetan ere, bereziki muthil eta langiletan. Hargatik eginarazten diotzate Vixnuri hamar inkarnazionetaraino. Nola? Ez dakit, deus ez duenean egiteko. Gauza bat badakit: ohoin eta lohiek gogotik nahi dutela bere Jainkotzat. Ez da Jainko zelataria: ez alainxe!

       Siba gauzen suntsiraztalea da, eta badu bertze dohain bat iduriz lehenari ez doakona: gauza ezeztatuen arregiteko dohaina. Emaztearekin jarria dago urrezko tronu batean, izpiritu eta muthil inguru. Menden akhabantzan oro suaz galaraziko ditu: gizon, izpiritu eta Jainkoak berak. Brahma eta Vixnu ez dire gehiago izanen: zer Jainkoak beraz? Siba bakharrik geldituko da khar baten itxuran, saltoka khean dabilala. Bainan gau luze baten ondotik, kharrak hartuko du egiazki bere nonbaiko errotik, eta oro bilhakatuko dire aitzinean bezala, bertze zenbait mendentzat. Erakusten dute Siba gizon zilharrezko baten itxuran, bortz bisaia, lau beso, begi bat, eta bortz ilhargi hasterekin kopeta bakhotxean, tigre larruz soinekoa, harezko orena edo hiru hortza harmatzat. Batzuetan hiru begi ditu eta bi beso. Horra Jainko bat handi eta ona, begi, beso, kopeta edo ilhargi hasten araberako lanak baditu. Dantza jauzietan hari da lurreko errautsen gainean: haren adoratzailek badute non kopeta estal ilhargi hastez, burdin goria lagun, non sudurra marrazta Gangeko ligaz edo behi khorotzez: erna jakinak!

       Bortz ehun urthe Jesus baino lehen, ezagutuak ziren Brahma, Vixnu eta Siba. Hastapenean behar bada zerbait on erakutsi zen hekien izenean, bainan basa-sukharrak etzuen aurkitu zedarririk, eta ahalkagarri liteke erratea zer itsuskeriak adoratu diren geroztik Trinitate horren izenean. Horren adoratzaile berriak berak, khartsu lohikerian, ez lioazke gizon hiltzeraino aldaretan. Othoi, begotz bere alde Brahmistak; badire aski dohakabe hirur hogoi miliun!!! Ordu da mintza gaiten Buddaz.

 

 

VII.

BUDDA EZ DA JAINKO

 

       Bere haurraren arabera, Budda Jainko bakharra da eta Erospeneko gizona. Hura ganat joan nahi dire egun batez. Baditu hainitz izen: Indian, Budda; Mongolian, Xakia-Mouni; Tibeten, Sang-Ghie; Sinan, Fo; Japonian, Bouts; Mantxulian, Foutsiki. Ttipian, Jainko batek agur egin omen zion, othoitzean zagoelarik, eta agindu inkarnazione, han arterainoko guziak ahantzaraziko zituen bat. Izan ziren lekhukoak. Hek eman zioten Jainko izena, eta etzuten ahantzi: hogoi eta hamabortz birdinek jostatzen zuten musikekin, zazpiek mainhatzen egun guziz, zazpiek arthatzen soinekoetan, zazpiek loharkarazten, zazpiek garbitzen. Etzuen egiten hirri edo nigar sobraniaturik, bertze haurrek bezala. Hamar urthetan koplari zen; bazakitzan ere musika, mirikuntza eta xifrak! Bere nausiari erakutsi ziotzan berrogoi eta hamar mintzaira bere itzuli bereziekin. Ederra baitzen, biltzen zitzaion hainitz jende ingururat: gozamen bat ziren haren hogoi eta hamabi itxurak, larogoi arraiziekin. Adoratzen zuten non nahi, asetzen lore, zilhar eta urrez. Ikusi zituenean emazte bat erditzen, attona bat doiean ibiltzen, eri bat pairatzen, hil baten axkideak nigarrez urtzen, galdetu zion nausiari iraunkorrak ziren gaitz hoik. Entzutean oro hola zioazela aldizka, joan zen ihesi eremurat, ustez han etzen hirriskurik. Moxtu zituen ilea eta bizarra. Egin zen aphez eta aphezpiku. Joan zitzaizkon ikusterat izpiritu, gizon eta abereak. Azken hoikien agurraren ondotik deus guti zuen egiteko morthuan. Ilkhi zen beraz handik, handi egina. Laster zeruko erregeak ikusi zituen bere oinetan, Brahma bera ere: nola ez? Hasi zuen eskola bortz dizipuluen aitzinean, erranez: «Oro zaurthuak dire, bainan bada salbamenduko bide. Behar dire garaitu guduan hirrisku eta enganio non nahi sorthu nahi dutenak. Deusek ez du egiaren atseginik. Mundua erromesia da. Egiei darraikote zoriona. Ikustekoak dire gizonen hesturak: nigar dariote sortzean, intzirin zahartzean, eztena noiz nahi, khirastasun herioan. Sortzen dire honi edo labe gorritik bezala, ile ondo bat gabe eta minez zilhatuak. Zahartu direino, ikusten dire idortzen, zimurtzen, ihartzen. Egiten zaiote larrua, ardi zahar bati bezala, haragia suntsitzen hezurretarik, zainetan odola gutitzen eta loditzen; gorphutza kaskailtzen, bizkarra konkortzen, begia goibeltzen aldeko mendia ezin ikus bezala, beharria gortzen, ihurtzuririk gehiago othe den beldurtu arteraino, ahoa hortzez gabetzen, usna joaiten. Gorphutzek behar dute makhila, izpiritua histen da eta badioa. Zenbat gaitz! Badire lau ehun eta hogoi. Ikuspen khiratsak indar ezeztatuak! Hein baterat geroz, gizonak ez du onik, ez diteke jeki, ez ibil, ez xutik egon. Iduritzen zaio bethi bihotza zintzurrerat dioakola, eta haizez duela barnea. Gauak luzeago diruri egunak baino, eta egunak ilhabete. Janari hoberenak egurra bezala dire ahoko; buhurdi gurienak elhorri, horitzen da begietako xuria. Urdin dirurite larru eta odol gorriak. Erromesiak urruntzen du bihotzen bakea eta berratzen izpirituen gathaska. Nigarra gaindiz da, joan eta ethor dabil bihotza, ez diteke ixil zorigaitzen deia. Auhenetan etzaten da gizona ohean, nola arraina urez kanpo hare erreari buruz. Herioa hurbilago eta erromesia handiago. Inguru dire ahaide eta axkide nigarretan mainhatuak. Mendi batek lehertu nahi du gorphutza, sukharrak hartu du burua, begietarat heldu dire gauza lazgarrienak. Urak daramazkan lur higituak dirurite indarrek; iraungituaz doa gorphutzen sua, eta azkenean gelditzen da, gauazko harraren su hotz batekin. Akhabo izpiritua. Itxurek iraun behar lukete, bainan suntsitzen dire, izpiritua nonbait sartzearekin: khar ithotan dire».

       Bertze asko ere erranarazi diote Buddari; badire haren hitzekin eginak ehun eta zortzi liburu, baratzeko errekak baizen handiak: ozar othe liteke usteko lukena badela hetan itzuntzikeriarik? Berak zioen sarthu zela gizonaren errain eta fuinetan. Hura bezalatsuko bertze Jainkoak baziren arren, errege zaukan bere burua. Herri batean badakit Karakotx deithu etxe bat: hango nausia ere handi liteke, jauregiko premu balitz: Badu non har guriope! Budda izan zen bekhatore, eta penitentziaren ondotik, ikusi zituen nigar egunetan piztu zituen gorphutzak: lur eta ilhargiak baino handiagoko meta egiten zuten; bainan ere hark ebaki buruetarik ixuri odola, ur eta itsaso guziak baino gehiago zen: ez diteke beraz deus egin gabe Budda bezalako Jainko! Egia erran behar da: ahalkatu zen, eta Jainko baten erranez, jasanarazi ziotzan gorphutzari mila argi pizturen asikiak; sarthu zituen bizkarretik mila itze; etzan zen bederatzi beso kharrak gora zituen su batean, eta azkenean, gorphutz guzia eskaini zuen bitimatzat. Bainan aski atzeman zioten egitea hegats bat bere hezurretarik, eta hura odolean bustiz, izkiribatzea ikhasi zituenak: gezurtiak xoilki hertsatuak balire bere hezurrez egin hegatsekin izkiribatzerat, nik badakit Buddak aiphu guti lukela Europan.

       Baditu bi izate; bat bethikoa, ezin ganbiatua, berthutetsua; bertzea, ganbiakorra, ilhargia ur axalean bezain. Azken izate horrekin orotarat jartzen da: mainguekin maingu, okherrekin okher, kokoriko direnekin kokoriko. Erleak kofoinetan bezala, Jainkoak lerroka dire haren zeruan. Brahmaren irakuspen bertsuak ditu. Luther Giristinoentzat dena da hura Brahmarentzat. Baten ala bertzearen haurrak altxa detzakete urrungo axkidek; bainan ez lukete hek bezala nahi ibili, oihal izpi bat bizkarretik edo gerrian, buruak murritz; ez lioazkokete hekien lurrezko eta lastozko etxeak, ez hekien gela hertsi eta ithogarriak. Hobe da urrundik neurtzea deusetan gozatu nahi ez litezken ontasunak, eta aldeko jakitatek ezin niholere onduak! Buddista ala Brahmistek badituzte predikari eta legeak; bainan nihork deus ez du egiten, ez balitz baino gehiago. Gaindiz dire aztura itsusienak, sabela ungi bethetzea zaiote atseginik handiena. Oro egin detzakete, ikusiak ez badire: hori ungi atzemanen dute bizia amets edo komedia batentzat daukatenek. Othe da halakorik? Nahi luketenak bederen bai.

       Buddistetan, senharra da emazten Jainkoa; behar dute maitatu, lagundu eta arthatu, izanik ere maingu, zikhin, mando, hordi eta lohi. Ez dire nihoiz nausi: gaztean nausi dituzte aitak; ezkontzean, ama, senhar eta aita ginharrebak; alharguntzean, semeak. Utzi behar dute lana, senharrak nahi duenean, hasarrekorik nihoiz erakutsi gabe. Haren nahia behar dute deusen hasteko ere. Nihor heldu bada, urrundu behar dire, burua aphal eta ixilik. Senharrak ikusi behar du egin dezaketen hirri, nigar, oihu, eta ez diote galdeari baizik ihardesten. Jan edo barurturen dute, hark jatean edo barurtzean. Ungi baino hobeki izanen da, hiltzen badire haren ondotik, haurrekin baino harekin nahiagoz. Garbitzen dute egun guziz etxea, zola ungi karrakatuz behi khorotzekin. Nonbait badute senharra, ez ditezke ilkhi, ez dezakete garbi hortzik, ez egin behatzik, ez jan bietan, ez egin lorik ohean. Bi emazte balin baditu gizonak, ez dute mintzatu behar nihoiz elkharren kontra. Hura mintzo denean, ez dezakete hitzik egin, eta deitzen baditu, behar dituzte oro utzi berehala. Kantaz badago, egonen dire ahoak zabaldurik, zeruetako lorian balire bezala; jauzika hari bada, bozkarioz errotuko dire; jakitatez mintzo bada, harrituak egonen; jotzen baditu, besarkatuko diote eskua; urrun bada, gaztiatuko diote maiz ethor dadin ahalik lasterrena. Eginbide handiskoak dire hoik, bainan hil ondoan, senharrek ungi guziak emanen diotzate bere andrei! Bizian makhila, eta herioan zerua! Bainan berak segur dire harako direla? Arras garbi badire bai; erdigarbi baizik ez badire, beharko dute bizia berriz hasi zenbait gizon behar, abere edo marmalotan.

       Horra Budda, bigarren Jainko izartu nahi dutena Kristorekin. Badute berga xuxenik asko izkiribatzailek! Agindu zuen haren irakuspenak betheko zuela mundua: argi onik hedatu du! Egia da badituela ehun eta hiru hogoita hamar miliun adoratzaile, hetan sarthu gabe gizon kaskodun urrunean ezagutzen dutenak! Nihork ez du handi atzeman behar krapestu gabeko abere guziak basa izatea...

       Nihork ez daki noiz sorthu zen Budda. Batzuen arabera, bederatzi urthe Jesus baino lehen; bertzen arabera, ehun urthe xoilki lehenago. Erregeak ethorri omen zitzaizkon adoratzerat: Zer da omen hori? Haren axkidek erranik ere hori, bertze nork erran du? Ez du nihork ezagutzen Europan, Asia gehienean, Afrikan urrun, bia edo hirur Ameriketan. Ez othe daoke ere dena den, Jainko bat urre eta zilhar zalea, hainbertze neskato beharra bere mainatzeko...? Hura urrun zerbait atzematen dutenek, bertzelako buruzagiak ere eskax atzematen dituzte hurbilean... Ez du Jesusek bururik erorarazi; bainan berea eman du arimen salbatzeko. Buddak egin ditu gizon hits, ilhaun eta basak; Kristok, munduko populu jakin, garbi eta argituenak. Buddak erraten zuen bat, eta bertzea egiten; Kristo hasi zen lehenik egiten, gero erraten. Buddaren haurrak begien beldur dire; Kristorenak, Jainko oro ikusten dituenaren. Buddak eman du emaztea neskatoak baino areago; Kristok erakusten du handitasun bera dutela gizon eta emazteak, elkharren lagun direla. Buddaren emazteak tetele batzuek dire; Kristorenak, etxeko aingeruak. Buddaren hitz eta egintzek erakusten dute hoberenerat ere gizon bat zela; Kristorenak, Jainko zela. Ez da Jesus haritu erraten gizonei hainitz jasaiten zutela sortzean, bizian eta heriotzean: ez othe zakiten berek ere hori? Irakutsi du nola behar zen jasan. Lehena mintzatu da gaitzaz; bigarrena, sendakailuaz. Behi baten buztanari itxikiz hiltzea eder da Buddaren haurrentzat: Europako jaun aho zabalentzat...? Bada behar bada bertze zenbait Kristori buru eman diozakenik: nor? Konfuzius behar bada: dugun ikus.

 

 

VIII.

KONFUZIUS EZ DA JAINKO

 

       Lou deithu Sinako erresuma batean sorthu zen jaun hori, bortz ehun eta berrogoita hamar urthe Jesus baino lehen. Omenka mintzo dire haren mirakuluez: badute beraz zimendu onik! Goizik galdu zuen aita; geroztik etzuen ama baizik ikusten eta maite zuen ezin gehiago. Jaiuraz ona, etzuen deusetan haurkeriarik irakutsi. Jateko, othoitz egiten zuen. Bururik hautuena, hamabortz urthetan liburu hoberen ezagutu guziak bazakitzan gogoz. Hemeretzi urthetan ezkondu zen. Emazte bat aski izan zitzaion, nahiz legeak gehiago uzten zuen. Dena ere laster etxerat egorri zuen. Ama galdu zuen hogoi eta hirur urthetan, eta dolua ekharri zion hirur urthez. Handik lekhora abiatu zen gorthez gorthe egia erakusten. Ardietsi zuen omen bat hain handia non laster hiru mila dizipulu bildu baitzizaizkon gutienerat. Nahi zituzken orotan azturak ganbiatu. Izan zen itsasoz joatekotan argi hedatzerat; bainan gogoeta hobeak eginik naski, aski izan zitzaion handi eta berthutetsu egitea sorthu zen erresuma. Altxatu zuen hauzoetan jelosia emateko heinerat, eta berak, erregen buru egina, bazituen ohore guziak. Bizkitartean luzerat unhatu zituen khorodunak, eta utzi zuten bere alde. Nahiz orduan hirri eta trufek eman zioten, etzituen ezeztatu erakuspenak: handi egon zen. Hark arrimatu edo bildu zituen king deithu liburuak. Hiruhogoita hamahirur urthetan hil zen. Haren erakuspen oro lurraz edo erresumako beharrez ziren. Lehen mendetako azturen berritan sorraraztea bilhatzen zuen, jarrekiz orroitzapen hoberenei. Ez da behinere Jainkoaz mintzatu. Galdetzen bazioten zerbait hartaz, etzuen nihoiz xuxen ihardesten, bainan itzuliak hartuz, galdetzen eian bazakiten aski aldeko gauzetarik, edo bertze zerbait. Haren haurrek ere ez dute artharik Jainkoaz eta arimez. Berak baditu Sinan abantzu adorazioneak. Estaltzen dituzte haren aldareak ogi, arno, xirio, lore eta aberekiz. Belhaunikatzen dire gizonak eta jotzen dute lurra kopetaz bederatzitan. Aldaren inguru direnean, aitzindari handienak jausten dire ohetarik, ahuspez jartzen, eta gero aphur bat oinez joaiten bere bidean. Galdeak egiten dire, suak ere bestetan, eta saindu edo Jainkoaren soineko ondarrak haurren panpina eta defensa izaten. Ez da gutiago bakhotxak egin zezakela nahi zuena; joan ziteken nahi zuen tokirat, egon nahi zuen bidetan. Othe zen holako errextasunik Jesusekin? Ez othe ziren bekhatuzko lokharri guziak hautsi behar? Konfuzius handikorra zen; errege eta aberatsak nahi zituen bere lagun; hainitz aldiz gogor agertu zen: hilarazi zuen Xatxen, bera lekhuko, eta etzen eginarazi zuen heriotze bakharra hori. Urrun da hortik Jesusen eztitasuna, urrun haren aria behar ala bekhatorekin. Konfuzius herrestan, ahuspeka zabilan Wei erregeren oinetan; etzituen ikusi nahi haren goibelak. Jesusek deus etzioten gorde, ez galdetu Herodes eta Pilatusi, nahiz bazikitzan hekien ahalak. Konfuzius gizona zen, ez du egin gizonek ezin eginik, ez heriotzean. Badire ehun mila giristino, sainduak izan gabe, hark baino jakitate eta prestutasun gehiago dutenak. Haren lan handienak ez du balio Jesusen azkena: ez da bada oraino ethorri denbora ttipien handi ikusteko eta handien ttipi, ero bardin zaizkotenentzat baizen sinhestetan! Batere izpirituan izari onik duenak ezaguturen du Konfuzius ximino bat dela Jesusen aldean. Ez othe da handiagorik agertu? Ethor bitez lerroan zerbait izan diren guziak.

 

 

IX.

ISIS, OSIRIS ETA HOR
EZ DIRE JAINKO

 

       Isis, Osiris eta Hor Egiptoarren alegiazko Jainko batzuek ziren. Nahiz baduen bakhotxak bere iztorioa, nihork ez ditu ikusi. Batzuentzat Isis eta Osiris ilhargia eta iguzkia ziren. Semea zuten Hor. Hastean guziek bazakiten etzela Jainko bat baizen; bainan nola ez baitzen ageri, luzerat jende xeheak Jainkotu zituen ungia zarioten gauzak haren begietan. Hala iguzkia eta ilhargia adoratu zituen. Jakinek bazakiten, Egiptoan ere, Jainkoa iguzki eta ilhargiaz bertzerik zela. Han adoratu zen idiak gogoratu behar zuen lehenbiziko Egiptoarrak laborariak zirela. Buruzagiek ondu eta argitu zituzten azpikoak; erakutsi ziotzaten lurreko ontasunak, eta aziendak eman ziotzaten orroitzapen ezagutzaz. Beldur ninteke tintak arima goibel, baratzen banintz aria erakusten Jesusen eta izen xoro hoikien artean. Aitzinat beraz.

 

 

X.

LIKURGE, NUMA, JUPITER
EZ DIRE JAINKO

 

       Izan dire bi Likurge. Bat zen Traziako erregeren semea. Jainkoei gerla egin zioten, josteta galdu batzuetan zabiltzalarik; gehiago dena, bati jauzi eginarazi, lasterkatuz, itsasorat. Hortik etsaiko eta jazarkundeak: Jupiterrek itsutu zuen, eta mahasti atheratzen hari zelarik, bi zangoak ebatzi baitzituen, hil zen, jenden ustez, Jainkoen alderako ozartasuna gatik. Bigarren Likurgek eman zituen Lazedemonen bortz ehun urthe iraun zuten legeak; aski onak ziren orduko, bainan egungo egunean nihork jasan ez letzakenak oren bat, azken herrian ere. Agertu zen Likurge hori, zortzi ehun urthe Jesus baino lehen. Lur guziak eman zituen baterat, eta gero guziek bardin behar zuten. Onhets lezakete oraino holako eskale eta bere ontasunak iretsi dituztenek! Mahain bera behar zen herri orotan; etzen berezi edo hobea izkiribatzaile edo izpiritudunentzat: eltzekaria guzientzat! Biluzirik, borroka hazkartzen ziren neskatxak, guzien begietan. Solas galduek etzetzaketen gorriraz. Ebats zetzaketen emazte gaiak muthilek, adin eta goratasunari xoilki khentzen ziotzatelarik errankisun bideak. Gizonek eman ziotzaketen elkharri bere emazteak; ohointza zilhegi zen, egin baziteken ikusia izan gabe. Sortzez herbal edo eri ziren haurrak arthikhitzen ziren lezetarat, xakur ume soberak bezala. Lege holakoen emaileak baduke ariarik Jainkoarekin?...

       Numa Erromako errege zen, Jesus ethorri baino lehen bortz ehun urthe. Jende basekin zituen egitekoak, eta nahiz hek eztirazi, sinhetsarazi zioten Jainkosa batek erakutsi ziotzala hekien dohatsu bihurtzeko lege hoberenak. Lege on hetan zenbait bazioazen neskatxen bizirik ehozteraino huts batzuetan! Eta errege handi horren jakitatea ezagutarazteko, erranen emazte hamar ilhabethe gabe arrezkontzen zirenek behar ziotela Jainkoei hil behi ernari bat. Mahasti moxtu gabetako arnoa etzen on aldaretan: Jainkoa adoratu behar zen itzulika ibiliz. Behar othe dugu eman Numa ere Jainko lerroan? Errege balitz eta oraino bizi, baluke zenbait zurikatzaile; bainan holako Jainkoak othoitz guti eginaraziko diote egun iraganetan hil gizon ospatuen adoratzailei ere...

       Jupiter izanen da, nihor izatekotz, Jesusi itzal eginen dioena: ezagutua zen lehen, ezagutua da orai ere, hitzetan bederen. Jainko pulita hura ere! Aski da jakitea egiten zituela gizonentzat ahalkagarri diren gauzak gogoan ibiltzeko ere. Bainan ororen buruan, haren izena ez diteke egiazko Jainkoaren izen estropiatu bat baizen. Mendetako gauean asmatuak ziren hari darraizkon egintza edo alegiak. Egia goibel, amets harro eta alegia ozarrak baltsatuz elkharrekin, egin ditezke Jupiterkiak!

 

 

XI.

ZOROASTER EZ DA JAINKO

 

       Ager bedi Zoroaster. Persiako zen, Indietan ibilia, eta handik lekhora, Magoek adoratua suaren itxuran. Ez da errex jakitea bat ala bia izan diren izen hortako. Badire sorrarazten dutenak bat, 2459 urthe Jesus baino lehen. Babiloniarra zen hura, handizki aitua izar itzulietan. Bertzea sorthu zen, 518 urthe Jesusen aitzinean. Etzituen bortz ilhabethe baizik, haren amak izan zuenean amets bat: ikusi zuen zerua sutan, eta sua haurraren estaltzen. Lau belatxek khendu nahi zioten sabeletik; bainan jaun batek haizatu ziotzan eta sendatu zioen hek egin zauria: mirikuek ere ez dute gehiago bederen egiten. Amak garraiatu zion senharrari zer gerthatu zitzaion; senharrek jakin behar dituzte emazten ametsak ere! Gauzak hainitz erran nahi baitzuken, senhar-emaztek bilhatu zuten astia bat. Badakite orok zer diren astiak: laborantza ezin ikhasi dutenak, tratuko ezdeusak, bururik ez dutenak nausi izateko edo ontasun ibiltzeko; eztirenak on aita, seme, ez muthiltzat! Hetarat dioaz berehala zuhurrak, abere abiatzen zaiotenean itzulika, gibelaren gainerat erori nahiz zango bat edo biak eskastuz. Alabainan gaitza duenak ona nahi! Astiak erraten diote azienda eri dutela, eta badioaz etxerat, bortz libera utzirik, gaitza etxean dutela entzun sari. Zoroasterren aita-amek ikhasi zuten gehixago: zer bada othe? Hekien haurra argi handi izatekoa zela! Astiek maiz berri onak dituzte: zer irabaz lezakete zorigaitzak aginduz? Bihotz ilhunhari mehe dario sari. Haurra sorthu zen hirriz, buruko zainak handi eta ageri: berri ona! Erregek bi zathi egin nahikatu zuen, bainan besoa ihartu zitzaioen: hura harentzat! Handik laster, haurra ebatsia da eta eramana morthu baterat.. Han erretzerat zaramakatelarik alkaterna eta breiazko su batean, kharrak gosna bilhakatu ziren, eta haurra lokhartu zen atsegin guzietan: berriz ere jakinek handi atzemanen dituzte Egiptoa, Babilonia eta Indiak! Hetan ditu adimendu onak bere bazkak. Egin diozatela haurrari othoitz, eta agur lurreraino, ez dadin mokhor atzar ezagutzen ez dutenen kontra: erakuts diozatela haur ttipiari bere handitasuna, hertsatuz gorphutza eta izpirituak! Zazpi urthetan pozoatu nahi izan zuten; bainan etzion edariak deusik egin! Behar bada on egin ere zion! Hamabortz urthetan eskola egin zion aitari: Oh bah! Sinhetsazue: nola izanen zen bertzenaz handi? Hogoita hamar urthetan hasi zen karitate egiten: zikhoitzek izanen dute hor errateko, bainan Jainko zaharren axkide jakinak ez dire zikhoitzak: buruko eta soin ederrik badabilkate neskatxa gazte zenbaitek, heki esker! Begiak edo buruak itzultzen badiotzate eskalei, zertako dire zahar eta itsusi eskuak hedatzean? Ihesi zioalarik behin Zoroaster, atzeman zuen bidean hibai bat, bainan joan zitzaion gainetik baia-baia, ura harri izan balitz bezala: hun! zer diozue hortaz? Eremuan sarthu zen, eta han egon xingili! Jakinei ederrago zaiote xingili, belhauniko baino, ez naski ixterrez on direlakotz, gauza ezin ikusia, galtza luzeak ethorriz geroz; bainan naski lekhukoen arraizia bide gatik. Zoroaster gogoetan zagon, jakiteko nola hobetuko zituen gizonak, aingeru bat ethortzean galdetzerat, zer bilhatzen zuen? Jainkoaren ganat joaitea, ihardetsi zion, lege zenbaiten bilha: Ez othe zakien Jainkoa orotan zela? Behar bada uste zuen etzuela liburutegia berekin, eta haren beharretan zela asko galde handiri ihardesteko. Hala bazen eta ez, aingeruek garbirazi zuen eta zerurat eraman, begiak itsuturik: erran beza gero norbaitek zikhinak garbitzen direla eta gaxtaginak itsutzen! Etziteken ere Zoroaster Santxo Panza hirrigarri bat... Nahiz ez dezakegun erran zertako itsutu zuten, badakigu ikusi zuela nahi zuena. Geroztik zakien erraten lurreko gauza hoberenak ura eta sua zirela. Laster egin zuen bigarren itzuli bat Jainkoa ganat. Orduan bera zen: itsuturik eraman zuten lehen aldian, eta halere ikhasi zuen bidea: Gizona ziteken othe hura? Iragan zuen mendi suzko bat xingili saltoz, eta ikhasi zituen Zen-Abesta liburuan diren gauzak suaz, uraz, harmez, aberez eta bertze gainerako gauza beharrez lurrean. Xanfarin batentzat hartu zuten jaustean Magoek; bainan gero, iduriturik zerbait gehiago behar zela, galdetu zioten nola behar zuten bizia luzatu edo arraitu: magoek oraiko gizon aituen gustuak zituzten! Irakurri ziotzaten bi lerro bere liburu Zen-Abestanetik; bainan lehen lerroa entzun orduko, joan ziren ihesi, haur borrokariak bezala, Bidart bere errient zuhur eta ernea ikustean. Beldurrak hil zituen erdiak, eta bertzek galdetu zioten barkhamendu, burua basan: ez belhauniko! Hartako behar bada asko izpiritutsu ez dire belhaunikatzen. Basarat jautsiren dire lehenago, eta biziki sainduago izanen dire! Athera behar dugun Zen-Abestan liburu handia zela: ihesi egortzen zituen etsaiak! Angelesek zerbait emanen zuten haren izateko, Inkermango suan, bide egin nahi etziotenean Rusianoek. Behin erregeren gorthean sarthu nahi izan zen Zoroaster, eta hetsi zioten athea sudurraren gainerat. Bainan sarthu zen nonbaitik: behar bada athe zilhotik, sorginak bezala, eta oro harritu zituen. Nihork etzuen ezagutzen, bainan egin zioten hainitz galde, eta ikusi zuten gorthean guziek etzela Peilo. Erregeri erran zion: Jainkoak egin ditu lurra, izarrak eta zazpi zeru. Artha du ezagutza dutenez. Bizi da eta janariek hura dute ithurri. Hark egina zare, zu ere, zor diozu khoroa: haren izenean heldu naiz. Horren ondotik hartu zuen berak nausi itxura eta hasi zitzaion erregeri toka, erakutsiz liburua, eta erranez: Egiten baduk hunen arabera, ungi izanen haiz orai eta gero: hanbat gaxtoago ez baduk egiten! Erregek galdetu zion mirakulu bat, jakiteko eian Jainkoaren izenean heldu zen.

       —Zen-Abestan duk mirakulu handiena, ihardetsi zion: Irakurrak, eta ez duk deus gehiago galdeturen. Bainan hain gorako gauzak ziren liburu hartan, non aho zabalka hasarazi baitzuten errege. Etziren hargatik mirakuluzko gauzak behar liburu hartan, bertzenaz etzioten hainbertze beiraturen asko jakinek: mirakuluez goiti zilhatzen du hekien izpiritu zorrotzak! Nola errege eta haren lagunek mirakuluak nahi baitzituzten baitezpada, Zoroaster eman zen egiteko bidetan. Paparorat ixuri zuen berun urthua, hartu eskuetan, eta etzen erre den gutiena! Ez da erraten non eta noren aitzinean egin ziren gauza handi hoik; bainan naski Zoroasterren egintzak sinhets ditezke itsurat, eta ttipienak ere gorenean ezar. Errege beretzerat baitzaramakan, Magoek eman zuten gela beltzean: Nork asma zuken holakorik? Zorigaitza orori darraikotela diruri. Erregeren zaldia eritzen da: sartzen zaizko barnat gorphutzean bere lau zango-besoak! Hertzek ala hezurrek egin zioten bide? Ez dakigu; bainan mirikuek, oro dakitzatelarik gaitzetan, hemen etzakiten deusik. Etziren bada itsurat jokatzeko gizonak, bereziki zaldi batez zioanean! Zoroasterrek agindu zuen zaldiaren sendatzea, bainan profetatzat ezagutzekotan errege, erregina eta gorthesano guziek. Lau zaldi zango-zathi onegiak ziren, ez egiteko aithorra hekien ilkhiraztalea gizon edo izate berezia zela. Erregek lau aldiz deitzen du Zoroaster profeta, eta aldi bakotxean, hor non zango bat jalgitzen den zalditik! Profetak hordirazi zuen behin errege, eta erakutsi zion zeruan beharko zuen tokia: biba hordien begiak! Errege hark lagundu zuen hedatzen Zoroasterren erakuspena. Nihork ez daki hargatik non eta nola hil zen mende ilhunetako argi hori. Ekharria ninteke ohorerik batere ez bihurtzerat, haren lagun jakinek erran arte noiz behar diren hasi. Bizi izan diteke oraino, eta bertze hura bezala heldu balitz liberan kantatzerat!!!

 

 

XI.

LUTHER ETA CALVIN
EZ DIRE JAINKO

 

       Zenbaitek uste lukete mintzatzen ez banintz Luther eta Calvinez, zerbait bazirela, edo hekien lanek ixilarazten nautela, handiak zirelakotz. Higanot edo protestanten buruzagiak dire bi gizon hoik. Eman dute ondotik hainitz gizon; bainan nola? Handiak ferekatuz, ohointzari bideak idekiz, jaiuren araberako bizia onhetsiz. Ez ditu nihork segitu Eliza Katolikoan baino hobeki egitekotan. Badakizue nola ohoinek maite duten gela ilhuna? Halatsu higanotek maite dituzte berthute giristinoak. Ebandelioa dute bere liburua; bainan aitzen dute nahi duten bezala. Etziren Luther eta Calvin profeta berri eta Jainkoaz egorriak. Hekien ondotik Elizaz kanpo jarri direnek berek badakite gizonak zirela, eta ez bethi gizonetan hautak. Ahalke dute hekien zenbait egintzez, eta galdetzen zaiotenean zertako segitu dituzten, diote ez direla hekien ondotik joan, bainan egiaren ondotik. Itxiki dituzte mintzaira zamal-zainenak baino areagoak! Ostrikatu dute garbitasuna! Ikustean zenbat nigar ithurri sorrarazi duten Elizan, zenbat zauri egin Europan, zenbat odol ixurarazi, zenbat herri errerazi eta zenbat erromesia hedatu, ez da galdetzeko eian aldareak izan dituzten, bainan eian ez diren urkhaderan hil!!!

 

 

XIII.

MAHOMET EZ DA JAINKO

 

       Mahomet aiphatua da mendetan. Izan ditu dizipuluak, bainan hura ere nahi bezain bat altxaturen dute, ez da Jainko, ez profeta. Ezpatak handitu du, hartaz egin ditu bere lanak, hartaz artu bihotz hoberenak, hartaz sarrarazi bere herrietan lege sensukoi edo gurikeriazkoak. Beldurrari diote oraino zor iraupena. Ezpataren dixidua khentzen zaioten ordutik, Mahometanoek izanen dituzte ganbiantzak. Tratulari bat zen Mahomet hogoi urthetan. Bere etxeko andrearekin egin zuen ezkontzak aberastu zuen eta orduan hasi profetarena egiten, inguruko ilhunbei esker. Erortzeko minak hartzen zuen, eta sinhetsarazi zuen gaitz hori aingeru batek ematen zion zoradura bat zela, mintzatzen zitzaionean. Ez diote Juduek eginen profetaren aithorra: sarraskitu zituen eta bildu ziotzaten bere urreak. Ezpataz mintzo zen, zioelarik: bakhotxak bere dohaina! Hura zen gizon bat etzena bere hitzaren jabe: Meka hartu zuen, erran ondoan etzuela beldurrik izateko. Hedatu zituen erakuspenak lau egun lekhoa urrun, eta hil zen pozoatua, erakutsiz gizon, eta gizon itsu zela. Utzi du Koran, sei mila pikotan egin liburu bat, buru eta buztan gabea. Hitz batzuek bertzeak ezeztatzen dituzte, eta mende batzuek bertzentzat emanak dire liburu hartan! Duen on guzia, liburu sainduetarik atheraia du. Dio Jesusez: Mariaren Semea Mesiaz dela, Jainkoaren Berbo eta Izpiritu. Bainan Jesus Berbo bada eta Jainkoaren Izpiritu, Mahomet ez da deus harentzat, guziak hark ez bezala erakusten dituenaz geroz. Ez dute deusetan elkharren ite edo iduririk: Mahomet handitarik zen, lehena Mekan, aberastua ezkontzaz, aitzindari guzien axkidea, mende goibel edo ilhunbetako apostolua. Kristok etzuen diru, ahaideko edo goratasun handirik. Behera sorthua zen, eta doiean ezagutuak ziren haren burasoak. Hesturan izan zen bethi, ez jakin askotan non etzan burua. Etzuen beraz lagun gezur hedatzen esku eman ziozaketen hetarik, eta haren egunak etziren amets edo asmuen onhestaleak nola nahi: mundua etzen nihoiz izan argituago.

       Mahomet atsegin lizunen axkidea zen; bazioan berak eman izariez kanpo ere: bazen bada hetan ere bazka! Bazioan liga lephoraino, errenkurei erakutsiz haltzairu zorrotza edo bere hasarreduraren kharra. Lohikeriak etzuen harentzat aski eremu zabalik, eta bilhatzen zuen sinhetsaraztea bazuela lohikerien eskoba. Jesusek aztura garbienak zituen bizi guzian. Ez dute utzi itzalik xumena, eta haren hitzek, ez haren egintzek. Guti liteke erratea ez duela bekhaturik egin: saindutasuna bera zen; distiatu du berthutez, bekhatuzko gauean, nola iguzkiak hedoi guzien gatik egunazko bidean. Bazituen etsai erne eta atzarriak, eta ozarrenek ere ez dute izan ha bat errateko haren hutsez.

       Hasarre errexa zuen Mahometek; noiz nahi su eta ozpina zarion; nahikabe xumenak errotzen zuen, eta orduan etzuen nihor entzun nahi; ezpata gorritzen zion odolak jabaltzen zion asaldura, maiz behar gabe jauzia. Odolean hiltzen zuen egarria, eta egarri zen husu. Kristo eztia zen, bildotsaren iduriko. Etzion haize emanen hiltzerat zoan argiari; jasaiten zituen laido minenak, errenkuratu gabe; xukatzen zituen nigarrak bihotz onez; solas maiteak zarraizkon; etzuen nihor hil, ez jo, ez bekhoz bekho laidoztatu, gutiago gibeletik.

       Mintzatu bazen Mahomet Jainkoarekin edo Gabrielekin, nihork etzuen ikusi Jainko edo aingerurik, ez entzun hekien solasik. Bera zen erraile ariak bazituela lurraz gorago. Horren erratea ez da gaitz, bereziki aditzaileak zozosko direnean, eta hitzek ez dutenean hertsatzen deus egiterat gizonen ahalez goragokorik. Jesus deithu zuten Jainko semea zerutik; distiant bilhakatu zen mendi gainean: Ez da Jesus bera izan hoikien erraile: baziren lekhukoak.

       Mahomet etzen agindua izan. Nihork etzuen igurikitzen ethorri denean, eta ondotik gero joan zaizkonek etzuten ezagutzen haren beharrik. Ez balitz sorthu, edo egon balitz ere azken gizon bat bezala ilhunbean, nihork etzuen ikusiko haren eskasa. Kristo agindua zen, igurikia mendez mende. Agintza hek etzioazkoken hari baizik, eta haren etsaien eskuetan ziren. Sorthu zenean, orotan norbait handiren igurikimena bazen; etzen bertze solasik, bereziki iguzkiko aldean.

       Mahometek ez du egin mirakulurik. Goraki ere zion etzuela hortako indarrik. Bizkitartean ez da mirakuluak bezalako predikaririk. Errex da hekiekin bide egitea bihotzetarat: Hekien egiteak badu laguntzetan hoberena. Bazakien hori Mahometek. Hekien eskasak eginarazi ziotzan liburu goratzen dutenak hitz eder eta hautuenekin. Sinhetsarazi nahi zuen, bazuela bederen nihork ez bezalako mintzaira, izpiritu bat berezia. Jesusek egin zituen mirakulu espantagarrienak, egun argiz eta lekhuko osten artean: gorrak adirazi, itsuak argitu, hilak hobietarik jauzarazi.

       Mahometek, lehen hamabi urthetan, bildu nahi izan zituen haurrak eztitasunaz; bainan solasekin etzuen haur bat bildu. Hirugarren urthean, hiru zituen oraino; zazpigarrenean, larogoita hiru. Etzituen hemezortzi emazte baizik, nahiz emaztek sinheste errexagoa duten. Urthe gutixagoz, Jesusen eta haren lagunek milaka zituzten haurrak: hedatzen ziren Asia guzian.

       Bere erranen arabera, Abraham, Isaak, Moises, Ismael eta Jesusen egia berak erakusten ziotzaten Mahometek Judu, Giristino eta Arabei. Jadanik sinhesten zirelakotz gauzak, iduri zuken bidea egina zuela erakuspenak. Jesusek bazakhazken bertze egiak ere, eta barraiatzen zituen errotik atsegin eztien Elizak.

       Mahometek jaiuren arabera mintzatu zen, utziz gutiziei bere bideak. Suzko galdeak zituzten bihotzek, eta bero ziren herriak. Errextasun guziak izan zituzten nahi ororen egiteko. Gizonek har zetzaketen lau emaztetaraino, eta egor bakhotxa hiruretaraino, berrien hartzeko. Toki beretan, jaiura beren bidetan, Jesusek ezagutarazi zuen garbitasun ederra. Emazte batekin egon behar zuten gizonek; etzitezken bi alde jar ere, adulterioaz kanpo. Behar ziren gogoeta eta begiak zaindu; nahikunde lizun xumenak, bihotzean itho. Zerua bihotz garbientzat zen. Porroskatu behar ziren lokharri maitenak.

       Gizonen biltzeko eta heki besarkarazteko bere erakuspenak, Mahometek agintzen zioten parabisu bat, emazte arrai eta ederrenez bethea, Jesusek etzioten nihori agindu gorphutzeko atseginik: erran zuen etzela zeruan ezkontzen. Gozamen garbi eta izpiritualak agintzen zituen; egia da hek asma ahaleko gozamen guziak garaitzen dituztela.

       Atseginez landan, Mahometek bazituen bertze amarrak. Lagun zituen ikhara eta harmak. Hekien predikua abiatu arte, balentria guti egin zuen. Koran eta ezpata betan zioazen, eta hala herriak atzeman ziren. Mahomet aurkhitu zen zortzi gudu handitan; egin zituen, berak edo bere jeneralez, berrogoita hamar athera aldi: hil edo sinhets, hauta zuten garaituek. Judu eta Giristinoak uzten zituen bakharrik bizi, zerda pagaraziz, ez bazuten Mahometano egin nahi. Jesusen harmak ziren eztitasuna, gonbidua, argi eta mirakuluak. Ezpata izpirituala zabilkan Mariaren Semeak, etzuen soldadurik: baketiarra, bakea zakharken. Ez indarka eta hertsatuz, bainan egia predikaraziz lainhoki dozena bat arrantzalei, utzarazi zituen sortzezko azturak, hitsarazi sinheste zahar eta bethikoak, gorrirazi Erromanoen asmu zuhurrak eta ezeztatu hekien indarrak.

       Mahometek nahi zituen ondotik gizon odolezko eta ezaxolatuak. Bendekua zarioten, larrutzen zituzten etsaiak. Guduak gudua zakharken. Gerlariek etzuten behar unhatu; hekientzat ziren Parabisuko aberastasun handienak. Ohi ziteken beraz odol ixurtze nor nahi, ehortzi behar ziren sinheste gabeak: ezpata zen zeruko eta lurreko atseginen bidea. Mahometek etzakien bertze theologiarik: odol xorta baten ixurtzea gehiago zen, ederrago eta handiago, ezen-ez herriaren zaintzea eta ilhabeteak penitentzian egotea. Bainan, nahi edo ez, bendeku eta sarraskiek egiten zituzten gizonik basenak eta lazgarrienak. Jesusek etzuen nahi nihor hertsatzea; sarrarazten zion ezpata Piarresi bere tokian, erranez: Ezpatalaria ezpatak galtzen du. Ixilarazten zituen zeruko sua jautsarazi nahi zutenak hiri hobendunetarat. Etzen ethorria galtzerat, bainan salbatzerat; bakea zuen maite, etzen behar aiherkunderik etsaientzat ere; urrikaltzea nahi zuen, aita zerukoa bezala.

       Mahometen haurrak hiltzale eta ohoinak ziren; Jesusenak, haur ezti, bakezko, kanpoz barnez bezain garbiak.

       Mahometek utzi du Koran; Jesusek Ebandelioa. Irakurriren lituzkenak aldizka liburu hoik, egia atzeman eta segitzeko xedetan, ez luke nihork erran beharrik zeinek dirurin zerukoa.

       Mahometek berak eta haren dizipuluek aphaindu eta aphainarazi dute handizki Koran, bere liburua. Xoragarria daukate, ezin gehiago ederra, hitz hautazko lana. Nihongo solasek etzaiote badutela hangoen eztitasuna, eta mirakulu bat da hori hekientzat arras ageria, arras handia, ezin ukhatua. Holako egitea baino errexago liteke hil piztea. Bainan nihor gutik sinhetsiko du Jainkozko lana dela, zeren darion hitz ezti, legun eta hautu. Badire Koran baino ezti eta legunago diren liburuak. Bertzela kilikatzen dituzte bihotzak eta llulluratzen izpirituak Zizeron, Virgilio, Demosthenes, Bossuet eta Massillonek. Hitz eztiek ez dezakete bilhaka Koran Jainkozko: gizonen arthak khoroatzen dituzte hoberenerat. Ebandelioak ez du deusen beharrik; soinekorik gabe ager diteke. Hitz eder eta hutsak baino, hobe ditu lagun egiak.

       Koran, edergailu dituelako guziekin, hila da kondairetan, bethi bera, loharkarazten du erakurtzalea; ehun aldiz mintzo da gauza berez; gauzen hiruetarik biak alegia hirrigarri batzuez ditu, antze gutirekin moldatuak, eta asko erakuspen, ahalkagarri eta beharri garbiek ezin entzunak. Deus berririk ez du, hain guti gauza maite eta gaziturik. Hango on guziak badire Testament Zahar eta Berrian, eta bere lainhotasunean, bertzelako arraizia eta atsegina dute erakurtzalentzat, ezen ez Koraneko solas landuek. Ebandelioak hitz guti du, eta hek xuxenak. Berezia da, ukigarria, beheregi jausten ez dena nihoiz, hauta erakuspenetan, izariz mintzo dena, gora eta urrun zilhatzen duelarik eta erakurtzalea irabazten. Iduri du Jainkoa berekin duela, eta sinheste horrek ematen du batbedera aldeko sainduari dioakon bezala.

       Mahomet mintzo da bethi bere buruaz, bere dohain, bere egintza eta bere liburuaren edertasunaz. Ebandelioaren egilek ez dute altxatzen bere bururik, ez bere lanik. Nausiaren egintzak berak ez dituzte hedatzen bat-banazka, ez ematen egunik ederrenean hobeki distirazteko: egiak ez du urguluaren mihia!

       Koran mintzo da xeheki gauza ezdeusez, ergelkeria dario, galtzen da lerro hirrigarrietan. Ez detzake nihoiz aski izigarri bilhaka ethorkizuneko sariak, ez eta ere nihoiz aski izigarri bilhaka ifernuko lezeak. Ezin jakin gauzez mintzo da luzeki, ezin akhabatuz bezala, sarthuz hizkuntza lizun eta higuinetan. Bi hitzez dire Ebandelioan zoriona eta zorigaitza, bainan halako gisan dire non, izpiritua nahasi gabe, ukitzen baitute bihotza.

       Mahomet bethi beldur da galde diozaten zer mirakuluz erakusten duen zeruko egia. Noiz nahi bere buruaren garbitzen hari da, nihork deus galdetu gabe: berak baitaki non duen eskasa, eta ustez bethi han dituen etsaiak. Egiak ez du zelatarien beldurrik; hartako Ebandelioan nihor ez da khexa erakuspenez, gauzak berak mintzo dire aski.

       Mahometen liburuan gezurra ageri da, nola egia Jesusenean, Mahometek erakutsi du jotzen, zaurtzen, hiltzen; Jesusek gantzutzen, sendatzen, pizten. Batek gizon lanak egin ditu, bertzeak Jainkozkoak. Mahomet oinetarik buru harmatua nahi zen, bere ona zuen erresuma larrutzen; Jesusek, harmarik gabe, hedatu du bakea, haizatu nahasdura, arthatu mundu eria.

       Mahometek egin ditu Turkoak: badakizue zer erran nahi duen Turkoa, gizon Turkoak? Jesusek egin ditu bihozdun gizonak, haren dizipuluek eman dituzte oro oinetan, oro utzi, oro galdu, biziak ere, bere anaien salbatzeko. Mahometek aberetu ditu gizonak, Jesusek aingerutu: bat zen gizona, bertzea Jainkoa!

 

 

XIV.

JESUSEN PIZTEAK HILEN ARTETIK

ERAKUTSI DU HAREN JAINKOTASUNA

 

       Bat banazka agerrarazi ditugu lurrean izan diren gizon handien guziak. Ez da bat izar ditekenik Jesusekin. Guziak, haren aldean, zinhaurria idiaren aldean baino ttipi eta eskasago dire. Ez dute egin Jainkozko lanik. Utzi behar da beraz Jesus bere alde; orok nausi dute. Hark egin ditu gauza handi, gizonek ezin eginak, eta batez baizik ez mintzatzeko, hilen artetik piztu zen, agindu zuen bezala, bere indar xoilez! Juduek bazakiten haren errana; berek eman zituzten zaintzaleak hobian, hilarazi eta ehortzi zutenean. Hasi zirenean Apostoluak predikatzen Jesus piztu zela, Juduek behar zuten haren gorputza agertu, eta gorrirazi predikariak, gezurrez mintzo baziren. Zertako etzuten agertu? Zer bilhakatu zen? Etzuten Apostoluek eraman zaintzalen artetik. Ixilik edo harmekin beharko zuten egin lan hori. Nola egin zezaketen ixilik? Harrian ehortzia zen, eta asko harrabots behar ziren egin haren higitzeko. Zaintzaleak, nahi edo ez, orroituko ziren edo atzarriko, lo handienean izanik ere. Etzuten harmekin egin gorphutzaren zaintzalei khentzeko lana: Orduan zaintzalek ere bihotz erakutsiko zuten, hartako ziren emanak hobi inguruan; harmak harmekin neurtuko ziren beraz, eginen zen gudu, odola ixuriko. Bainan hori gerthatu balitz izanen ziren soldadu eta Apostolu hilak; atzemanen ziren guduko arrastoak: izan da deus holakorik? Bertzalde, gauza orok dakitena da, Apostoluak etzirela har arte hanbateko soldadu agertu, eta zaintzaleak lo zaudela erratea, egia aithortzea da: ezen lo bazauden, erran duten bezala, nondik zakiten Apostoluek eraman zutela gorphutza, edo zertako zaintzaleak etziren hilarazi, legea zen bezala Erromanoentzat, bere eginbidea bethetzen etzutenean? Piztu zen Jesus, edo enganatu zituen Apostoluak. Piztu gabe, sinhetsarazi othe diote piztu dela? Bainan Apostoluek diote ikusi dutela piztua kanpo eta barnetan, banazka eta birazka; bortz, zazpi, hameka, bortz ehun baltsan zirelarik. Jan eta edan dute harekin. Batek etzuen sinhetsi nahi piztu zela, ikus arte bere begiz, eta agertu zitzaion. Uste izan othe dute Apostoluek ikusten zutela, ikusi gabe; entzuten, entzun gabe? Ametsetan othe ziren hoik gerthatzean? Geroztik, ez liteke deus sinhesteko, oro amets ditezke! Bainan Apostoluek sinhetsi dute Jesus piztu zela; etzuten eginen, piztu ez balitz: zertako? Sinheste hortarik ez dute izatu zorigaitzik baizen lurrean: izan dute aski min atzartzeko, lo bazauden. Ez diteke ere sinhets, berak enganatuak izan ondoan, bertzeak enganatu nahi izan dituztela. Enganatu balitu Jesusek, etziren aski zoroak izanen hura gatik jasaiteko gose, egarri, azote eta heriotzeak: odola ixuri dute sinhetsarazteko Jesus piztu dela: holako lekhukoak ez badire onak, nongoak izanen dire onak? Jesusek, nahirik ere, etzetzaken engana. Hilez geroz, indarrak galtzen dire, ez da gehiago deusetako eskurik. Bizian bat edo bertze llulluraturik ere, ez da nihor aski zoro errateko hil ondoan ethorriko dela gauza handiagoen egiterat. Ez da zeren erran Apostoluek gauza guti zakitela; bazakiten aski, ikustea aski zen gauzetan: Jakinek bezain begi eta beharri onak dituzte deus guti dakitenek. Apostoluek ikusi dute Jesus behin hila, gero piztua. Erran dute egia hori goraki, azken hatseraino, presondegietan, ezpaten aitzinean, suaren erdian: beraz segur ziren!

       Ez dute berek sinhetsi, munduari ere sinhetsarazi diote: etzuen bada hala hula sinhetsiko! Argi izan ez balitz egia, nork utziko zituen bere aisia, atsegin eta ontasun gaindiak? Nor jarriko zen berthute hertsien menean? Nola uste izan, gizon errexki eta guriki ohituak, bere buruen zehatzen eman zirela, entzuten zituztenek ez bazuten zimendurik?

 

 

XV.

NAPOLEONEN SINHESTEA
JESU-KHRISTO BAITHAN

 

       Bertrand jeneralak erran nahi izan zion behin Napoleoni Jesus etzela Jainko, bainan gizon handi bat, hura bera bezala. Huna zer ihardetsi zion:

       «Aitzen zait gizonetan: Jesus etzen gizona. Izpiritu arin eta hondo gabek atzematen diote aria gizonekin: Zerua lurretik bezain urrun da hura gu ganik. Batere gauzak xehatzen dituenak, ikusten du hori... Zerukoa da egia, basakoa gezurra. Zaurtzen dute egia gizonek: zertako ez gezurra? Gezurrak ageri ditu beharriak, ez du nihor enganatzen... Bada lehen egia bat, Jainkoaren argia, badioana munduaren sehaskaraino, sortzen atzematen dena legetan: eginbideak erakusten ditu. Hark ezagutaraziak dire justizia, Jainkoa, arima eta gorphutzen aria. Egia hartan sartzen da Jesus; ez da nihoiz edo nihon zaurthu, nola paganoak, bide eginaraziz indar, gudu, aberastasun edo nahien arabera... Ethor bedi ene aitzinerat paganoen zeru guzia; ez da han ni belhaunikaraziko nauen Jainkorik. India, Sina, Erroma eta Athenako Jainkoek ez dauzkitzatet begiak aphalaraziko. Ez naiz itsurat mintzo, ez gaizki erran beharrez: ezagutzen ditut!

       »Likurge, Numa, Konfuzius eta Mahomet lege emaile batzuek ziren, lehen gizonak bere erresuman, gerletan handi eta bihotzdunak; bainan ez Jainkoak; berek ere etzuten hoin gora beiratzen. Ondokoek Jainkotu nahi izan dituzte. Nahiz bazuketen guti edo gehiago izpiritu, gizonak ziren, gizonen eskasekin... Jesus baithan oso miragarriak diren: asmu, solas, egia, bihotzen gaineko indar, sortze, erakuspen, izate, nausitasun eta iraupena, erromesia guzien erdian. Utzi behar da bera, ez da bertze halakorik. Badarraiko mizterio bat ezin argitua nihola, asmu ilhunbetakoak ixilarazten dituena. Hurbilagotik beira eta handiago da. Lehertzen du adimendua. Berak daki bere lana. Badute haren solas eta erakuspenek zigilu berezi bat. Ez ditu liburuetarik bildu. Bera da ororen ithurri eta mirail...

       »Ez du bilhatzen gizonen jakintsun egitea lurreko gauzetan. Arimak nahi ditu beretzat; hek aski ditu, nola hekientzat aski baita. Lehenago arima deus etzen. Gorphutzak ziren mentan; bainan fedeak itho du lurreko eskola. Nihork ez du zeren deus erran: Jesusen erakuspenak baitire zuhurrak, garbiak, argi dutenak izpirituaren azken mugarritaraino... Giristinotasuna gizonen meneko da; erakusten ditu egintzak. Harekin oro handi dire denboran eta bethiereko bizian, oro Jainkoari dioazkonak. Ez da nihor nihoiz Jesusi hurbiltzen denik. Ez da aski izpiritu ifrentzaturik ukhatzeko haren nausitasuna... Haren hitz guziek badute indar, eta laguntzen dute elkhar, harrasi bateko xoborrek bezala. Lerro bakhotxak badu bere erakuspena, eta ez dio deus khentzen erakuspen osoari. Ebandelioa liburu berezia da, egintza eta sinheste onen ithurri ezin agortua. Jainkoa behar zen egiteko lan hori, nihon ez duena bere idurikorik, oro erraten dituena, arras berria, ezin berratua.

       »Gizonen lanak bizian dire; Jesusek oro heriotik iguriki ditu. Etziteken hori gizonen bidea. Hil zen, etzuelarik zenbait dizipulu tonto baizen. Kontra zituen populua eta Juduen aitzindariak. Arnegatu zuten bere lagunek ere. Hoik gerthatu beharrak ziren, profeten arabera. Berak ere etzuen deus gorde; erran zuen: harturen naute, gurutzefikaturen, arnegaturen, gaxtaginek izanen dute nausien eguna; bainan justiziak izaten duenean berea, koropilaturen ditut zeru-lurrak, eta ene heriotza dizipuluen bizia izanen da. Hazkarrak izanen dire geroztik lokharriak; ezen pizturen naiz, higanen zerurat, eta egorriko dut izpiritu argitzailea. Gurutzearen izpirituak erakutsiren du Ebandelioa, sinhetsaraziren, predikaraziren, hedaraziren.

       »Bethe da agintza hori, jondoni Paulok deithua gurutzearen zorokeria. Ez da aski izan hortako egun bat, ez gudu bat. Hirur ehun urthe iraun du gathaskak; apostoluek hasi zuten eta ondokoek segitu. Lehen hogoita hamabi Aita-Sainduak hil ziren egiaren alde. Erromako kadira gilotina bat zen hiru mendez. Han jar ahalak herioaren bazka ziren, eta bertzetako aphezpikuek ere on guti zuten. Gerla hortan, errege eta indarrak alde batetik ziren. Bertze aldean, etzen harmadarik; bainan bazen atzartasunetan miragarriena. Sinheste berak biltzen zituen hor-hemenka barraiatu gizonak. Gurutzea zuten lokharri: zer amarra! Harekin eman zuten bada su bihotzetan, hura egin arimen aldare. Zenbat odol etzen ixuri, zenbat gudu egin, haren inguruan!... Aberekeria zen gathaskan adimenduarekin, gorphutza arimekin, bekhatua berthutekin. Hibaiaz zioan giristinoen odola, eta hiltzen zirenek besarkatzen zituzten hiltzalen eskuak. Gorphutzek oro jasaiten zituzten arimen gatik. Hil oro giristinoak ziren, eta hek gelditu ziren nausi!

       »Zenbat iraun du Zesarren nausitasunak, zenbat soldaduen kharrak Alexandren alderat? Gehienerat ere, nausi zireino. Galdu balute bitoria, joanen zitzaioten nihor ondotik heriotzeraino? Ez dituzte oro galdu heriotzean? Ikusi da soldadurik gerla egiten gehiago hekientzat? Hiltzen zaiote nihor urririk? Turennen gorphutza etzen oraino hoztua, eta ja haren harmada ihesi zioan, eta ni, ene harmadak ahanzten nau bizirik, Annibal ahantzi zuten bezala bere gerlako lehoinek. Ez doa urrunago gizonen ahala. Gudu baten itzuliak goibeltzen du hekien iguzkia; zorigaitz batek khentzen diotzate axkideak. Zenbat Judas ez dut ikusi! Saldu, arnegatu, ostrikatu naute bitoriarat hanbat aldiz eraman ditudan jeneralek. Joan zaizkit ihesi bizian: zerk pizturen luke hekien kharra, sarri hormatzen naizenean hobian?

       »Eder liteke Zesar Erromaren ibiltzen hobitik! Horra bada zer egiten duen Kristok: populuak badioaz, lehertzen dire tronuak, eta Jesusen harmada xutik eta bizi dabil orotan; ehoa, burlatua, laidoztatua mendez mende, bainan bethi nihoiz baizen oso, handi eta handiago... Jesus ez da nihoiz ganbiatu; lehen egunetik azkeneraino bethi bera da, beretzat hertsi eta bertzentzat ezti. Egin edo erran dezan zerbait, ez dio ematen biderik errankisun xumenari. Balin bada nihon Jainkoren pikorik, hura baithan behar da bilhatu... Haren erakuspenak ororentzat dire; badioaz nor nahiri eta non nahi... Bethiko mintzo da, ez du nahi athekarik egian; urthe iragan eta ethorkizunekoak bere ditu; gezurra du mugarri!...

       »Ebandelioak baditu berthute gordeak, higitzen eta berotzen ditu bihotzak, izpirituak ere argitzen. Zeru eder baten ikuspenari bezalako arraiziak darraizko. Bizia diruri, ahalduna, egintza on guzien giderra. Huna non den, mahain gainean, liburu berezi hura (enperadoreak ukitzen du errespeturekin), ez naiteke unha horren erakurtzea, bethi atsegin berri bat atzematen diot. Ez da nihoiz itsurat mintza, bainan bethi errotik. Harmada bat bezala heldu dire lerroran hitz miragarrienak. Bihotza lotzen dute, izpiritua irabazten. Erakusten dute Kristo axkide, aita, Jainko. Ama hoberenek ez dituzte haren arthak. Arimen nausi da, gogoeten Jainko, egintzen jabe. Horra aphez bat handia: dohatsu sinhesteduna! Ez du nahi duenak sinhesten.

       »Zeruan ez da Jainkorik, baldin gizon batek khendu badio lurreko agurra, Jainko izena hartuz... Alexandrek nahi izan zuenean sinhetsarazi Jainko semea zela, Grezia guziak hirri egin zion. Nihork ez du sinhetsi Erromako enperadoreen Jainkotasuna. Mahomet eta Konfuzius agertu ziren Jainkoaren gider edo mihi bezala...

       »Jesus sorthu zen Juduen artean. Ez da ametsezko izate bat; nihor ez da hobeki ezagutu. Nola zur aphaintzale baten seme ordea jarri zen nausi, Jainko? Ez da hor hara-hunatik: izan ditu eta baditu adorazioneak gizonezko elizan. Alexandren balentriek llulluratu dituzte gizonak; bainan Jesus jabetu da bihotzez. Bilhatu du bethiko amodioa, gauzetan gaxtoena atzemateko, alferretan galdetzen diotena zuhurrek axkidei, aitek haurrei, emaztek senharrei, anaiek anaiei. Bihotza nahi izan du baitezpada, itzulerik gabe, eta ardietsi du. Hortik diot Jainko zela. Ez dute holako indarrik izan Alexandre, Zesar, Annibal eta Louis hamalaugarrenak. Lurra beretu dute, axkide bat egin gabe. Bakharra naiz behar bada maite ditudana, gure egunetan, Annibal, Zesar, Alexandre eta Louis XIVa. Hainbertze distiarazi ondoan Franzia, azken horrek etzuen axkide bat bere erresuman eta bere jendetan. Haurrak maite ditugu, gu baithan den jauira batez, bainan zenbat haurrek ihardesten diote aiten arthei? Zenbat haur esker gabe? Jeneral Bertrand, maite zaituzte haurrek? Zuk badakizu maite dituzula; bainan etzare segur ordainaz. Zure artha guziek ez diote emanen hekien bihotzari Jesusentzat giristinoek duten sua. Hiltzen bazine, orroit litezke behar bada zutaz, gastatzean zuk utzi ontasunak; bainan zure ilobek doiean jakinen dute laster nihoiz izatu zaren ere. Bizkitartean jeneral Bertrand zare, onik ez duzuna zure haurrekin baizen!

       »Kristok piztu du su guzietan lehena, Karitate saindua. Gizonek sobera eskas zuten maitarazteko bere buruen: Jesusen mirakulua da Karitatearen erresuma. Karitatea zeruko ginharra da. Jende osteak jarri ziren ene ondotik, bazakiten hiltzen gudu minenetan; baina Jainkoak beira nazala izartzetik ene soldaduen sua Giristinoek Jesusentzat duten amodioarekin! Bereziak dire ethorkiz eta iraupenez. Soldaduek nahi ninduten hurbil, behar zuten ene begia, behar zituzten ene hitz eta baimenak. Su berezi baten ithurria nintzen hekientzat. Bainan ez niotzateken nihori eman ene dohainak; etzituzten bildu ahal ene jeneralek. Santa Helenan naiz, harroka baten gainean itzatua bezala. Nor hari da enetzat suan? Nork biltzen dauzkit erresumak? Ene zorigaitzak ez du gorthesanorik; nihor ez da nitaz orroitzen, nihor nigatik higitzen Europan! Non dire, ene axkideak? Bia edo hiru bazarete, ene desterruko egunen partalier eta arintzale, mendetan axkidantzaren errege beharrak; bainan horra guzia».

       Hemen enperadorearen mintzoa ganbiatu zen, aphaldu, ixildu. Aphur baten buruan, ezpainak asikiz, auhenez bezala, iratxiki zuen:

       «Bai, gure biziak izan du handitasun eta dirdira. Zure biziak, Bertrand, biltzen zituen argiak ene bizian, nola iguzkian biltzen baititu guk urreztatu dugun Inbaliden dorreak. Uriak ethorri dire, eta urrea histuaz dioa. Ondarra eramanen dute zorigaitz eta ostikoek. Jadanik eginen du. Horra zer diren gizonak; hola ezeztatu dire Alexandre eta Zesar. Laster gerlari handienen izenak eskolako lan dire! Errient batek altxatzen edo thuztatzen ditu hekien balentriak, haren zigorra dute izari!

       »Nola ibilia den Louis hamalaugarrena! Hil deneko, bakharrik da Versaillen bere gelan. Utzi dute gorthesanoek, eta behar bada, hirri edo trufaz hari dire nonbait! Etzuten gehiago nausi! Gorphutz zen, gathabotean etzana, usteltzerat abian! Oraino zenbait egun, eta horra zer izanen naizen ni ere. Angelesen esku bakhar batzuez amarratua, hiltzen naiz denbora gabe, eta harren bazka izaterat doa ene gorphutza. Horra zer izanen den laster Napoleon handiaz! Zer eremua ene eta Jesusen artean! Badu hark bethiko erresuma; predikatua da, maitatua, adoratua: izan du hark heriotzerik, edo heriotzea da hori?».

       Enperadorea ixildu zen, eta jeneralak ez baitzion deus ihardesten, berak erran zion: «Ez baduzu ikusten Jesus Jainko dela, etzintudan jeneral egin behar nihoiz».

       Phidias handiak egin zuenean harriz Jupiter, nihongo izpirituek asma eta nihongo erriek aphain ahal bezain ungi, Greziak erran zuen: horra Jainkoa! Bainan izen horrek etzuen hartu. Pilatusek erran zuen Jesusez: horra gizona! Bainan gero munduak erran zuen: horra Jainkoa! Bai, bai, Jesus Jainko da.

       «Sinhesteko da hura baithan. Sorthu zen Birdina Maria ganik, pairatu zuen Ponzio-Pilatusen manuaren azpian, hil zen, ehortzi zuten, jautsi zen ifernuetarat, ilkhi zen bizirik hirugarren egunean, higan zeruetarat; han jarria dago bere aitaren eskuinean, eta handik ethorriko da bizien eta hilen juiatzerat. Aitak onhetsi zituen haren beherapenak bekhatuen gatik, eta hark, uztean lurra, agindu zuen Izpiritu-Saindua, orai bere aldian ezagutaraziren duguna».

 

 

3

 

 

I.

IZPIRITU-SAINDUA

 

       Jesus higan zen zerurat aginduz Apostoluei egorriko ziotela Izpiritu-Saindua, egia guzien erakusteko. Jainkoa Izpiritua da. Aita ez du nihork ikusi, bere lanetarik eta erakutsi nahi izan dituen egietarik ezagutzen dugu. Semea ere Izpiritua da; bainan agertu da gizonen gorphutzean, eta hala egin da Erospena. Izpiritu-Saindua ere berenaz ezin ikusia da, bainan hark ere hartu ditu behar orduan gizonei zioazkoten itxurak.

       Apostoluak othoitzean zauden Jerusalemen; berekin zuten Maria Kristoren ama. Egiten zuten lanak aski erakusten du zein herbeltzat zauzkaten bere buruak; bainan sinheste bazuten Jesusen hitzetan, eta bazakiten betheko zirela egin ziotzaten agintzak. Mendekoste eguna zen, goizeko bederatzi orenen ingurua, ikusi zirenean mihi iduriko su batzuek jausten Apostoluen gainerat. Oro betheak izan ziren berehala indar eta jakitatez. Gauzak izan zuen argi nihork ezin ukhatua. Guziek bazakiten aitzinean nor ziren Apostoluak: Etziren nihoiz bere herritik ilkhiak, deus guti zakiten. Bestarat ethorriak baziren Arabes, Partiar, Frigiar, Libiar, Egiptoar, Medes, Erromano, Kretes, hitz batez, bazter orotako jendetarik, eta ikusi zuten Apostoluetan gerthatu mirakulua: deus etzakitenek aitzinean, oro bazakitzaten ondoan, atze orori mintzo ziren bere mintzairetan! Bakhotxak entzuten zituen egia ukigarriak, eta oren beretik hiru mila arimek egin zuten Izpiritu-Sainduaren aithorra! Etzen oro hoitan akhabatu. Sortzetik maingu zen eskale bati erraten dio Jondoni Petrik: Altxa hadi eta ibil. Maingua altxatzen da eta abiatzen: Bortz mila arimek ikusten dute mirakulua eta agertzen egia! Juduen buruzagiek ixilarazi nahi dituzte Apostoluak; bainan su diote Izpiritu-Sainduak, eta ez ditezke ixil. Laidoztatzen dituzte, dixidatzen gaitz handienez, herrestatzen presondegietarat; bainan oro alferretan dire. Lurreko indarrak garaituko zituzten gizonek; bainan zeruak nahi duenean gauza bat, utzi behar da egiterat. Oihaneko sua bezala, higituago eta handiago, egia berratuz zioan eta bihotzak herrestatuz. Laster Apostoluek etziozaketen buru egin heldu zitzaizkotenei edo argi galdea zutenei. Hedatu ziotzaten eskuak zazpi lagun zuhur eta prestuei, bere indarrez bethetzeko. Asko Judu aitzindarik ideki zituzten begiak, asko eta askok; bainan bertzeak gogortu ziren gezurrean, eta harmekin jarri egiaren kontra. Odolean nahi zituzketen itho argiak; bainan zer gerthatu zen? Jende ona beldurrez ihesi joan, urrun hedatu, eta hola, goibeldu nahi zen egia, bazter orotan ezagutu! Egiak laster ez duke mugarririk. Biltzen dire baterat Apostoluak. Behar zuten Elizako haur guziek ezagutza eta argi bera, non nahi izan ziten; hartako Apostoluek izkiribatu zuten Sinhesten dut, ordu arte bakhotxak gogoz ikhasten eta erraten zuen othoitza, mizterioen bilduma saindu eta sinhets errexekoa. Lan horren ondotik, Apostoluak hedatu ziren bazter orotarat: Thomas Parthiarat, Joannes Asiarat, Andres Szithiarat, Simon Persiarat, Mathias Ethiopiarat, Filippe Asia-Handirat, Barthelemi iguzki alderat, Thadeas Mesopotamiarat. Jondoni Petrik egin zuen lehen Eliza Antiokian. Izkiribatu zituzten lau Ebandelioak Matheo, Markos, Lukas eta Joannesek.

 

 

II.

ELIZA

 

       Hola hasi zen Eliza, sinhestedunen bilkhuia, Izpiritu-Sainduaren lana. Jondoni Petri izan zuen lehen buruzagia, bethiereko iraupenaren agintzekin. Erroman ezarri zuen bere kadira. Han artean, hiri handi horrek harmekin biltzen zituen herri eta erresumak; geroztik arimen egarriak bethe du. Hirien erregina egin da Apostolu. Izpiritu-Saindua nausi, xehatu ditu egiak, nihoiz egin etziren bezala. Aphez berak, sinheste berak, igurikimen berak dituzte handi ala ttipiek. Hain gauza zuhur eta onak erakustan ditu Elizak, non hek eginez oro dohatsu bailitezke, ja oraitik ere. Zertako ez dute entzuten eta sinhesten! Gorphutzen ona nahiz dabiltza asko, ustez arima ahantziz baduketen dohatsutasuna. Hartako ari dire oro bere handietan, jauzten dire azpikoak, eta hortik zauri, gero odolean sendatzen direnak. Eliza sinhetsiz, minak arin litezke, gaizkiak bakhan, berthuteak berra. O Ama maitea! Ihar bekit eskuina mintzatzen baratzetik zure ungi nasaiez! Gauean pulunpa bekit izpiritua, gorde nahi baditu nihoiz zure argi miragarriak!

 

 

III.

ELIZA BAKHARRA DA

 

       Ez da Eliza bat baizen; egiak ez detzake izan bi alderdi: Argia ez diteke gau izan, nola gaua ez baitike izan argi. Elizak izan du Jainkoaren argia; Elizaren argia, Jainkoaren nahia da, eta Jainkoak ez ditu bi erakuspen. Elizaren sinhestea da: Jainko bat, fede bat, bathaio bat. Ez ditezke bai izan fedea eta sakramenduak, ez badire bat aphezak; bainan hetan ere ez da nahasdurarik: erakuspenen zain eta sakramenduen hedatzaile berezia dire, badire handi eta xumeak. Bigarrenak lehenen meneko dire, eta lehenek ezagutzen dute bat guzien gaineko; hura da Jondoni Petriren ondokoa, korrale baterat biltzen duena arthalde guzia. Non nahi diren sinhestedunak, lokharri eta eginbide berak dituzte: fede bera, sakramendu berak, buruzagi berak. Nahiz batzuek hari diren erakusten eta bertzeak othoitzean, batzuek erraten eta bertzeak egiten, batzuek nausi eta bertzeak muthil bezala, guziek bilhatzen dute gorphutz guziaren ona eta hedadura. Batasun horrek egiten du Elizaren seinale ageri eta Jainkozkoena: Liburu Sainduek agindu zioten, eta mende guzien aithorra da, izan duela bethi. Entzun behar da Eliza, ez izatekotz Pagano. Hark ditu bidea, egia eta bizia; hark ditu populuen argiak. Behar dituzte segitu, edo behar diote ukho egin sinhesteari. Hark baditu egiak, behar dire sinhetsi, behar dire egin hark erakusten dituenak. Jainkoak erakutsi ditu bere xedeak, eta nausi zen erakusteko nola nahi zuen hekien bethetzea. Bertzenaz errateko da, Jainkoa etzela nausi nahi zuenaren egiteko, eta galde zaioke, zertako ez diotzaten idekitzen zeruko atheak edozeini, gaxtoei onei bezala? Hori elengatzen ez duenak izpiritua goibel du eta bihotza eri; ez du nahi justiziarik, egiten duenean zerua nor nahi denen tokia. Ez erran, badirela egia nihoiz entzun ez dutenak, eta ez litekela ungi hekien salbamenduko bidez kanpo ematea: nihor ez du Jainkoak galduko, argi eskasez egon bada Elizaz kanpo. Bainan bere nahiz egoten denak ez du zeren iguriki salbamendurik: hoben dun da, segitu nahi ez duena eman zaion salbamenduko bidea; trufatzen da zeruaren xedez. Zer da ederragorik eta zuzenagorik Elizak galdetzen duena baino haur guziei eta bazter orotan? Bihotz bera, arima bera, mintzo bera nahi du izan dezaten. Zein eder den guziak anaia izatea! Zer bilkuia handi eta ederra sinhesten dituena Trinitatea, bekhatu ethorkizkoa, zerua, ifernua, purgatorioa, erospena, eta egiten duena sinhestearen arabera!

 

 

IV.

ELIZA SAINDUA DA

 

       Saindua da Eliza, Izpiritu-Sainduaren lana. Ez diteke bertzela: Bildu behar ditu bekhatuzko itsasotik ihes egiten dutenak mendetan. Haren erakuspen, egintza, sakramendu, besta eta apheztasunek gizonen ontzea bilhatzen dute. Agertzen diotzate Jainkoaren handitasun eta miserikordiak, erakutsiz lurrean direla haren ezagutzeko, maitatzeko eta bethiereko biziaren ardiesteko, bilhatzen dutelarik bethi hobeago izatea. Bada Jainko bat, arima ez da hilen, bethikoak dire zoriona eta zorigaitza ethorkizuneko bizian; horra erakuspen hoberenak, gaizkien ehozteko eta berthuten sorrarazteko. Nola gizonak ahantz detzake haren Erospenako egin direnak? Eliza bethi mintzo zaio izan dituen dohainez, eta bekhatu itsusien gainean hedatzen diotza berthute ederrak; urgulua zapatzen du humiltasunak, zikhoiztasuna karitateak, lohikeria garbitasunak. Juduek herbeltzen dute gizona; bainan hor dire sakramenduak, haren laguntzeko eta hazkartzeko. Bestek arintzen diote bizia, urrunduz unhadura, bihotzak bethez su sainduz eta arimak argi maitenez. Orduan ikhasten dire eginbide, handiak ekhartzen dituztenak aphalagokoei ungi egiterat, eta aphalagokoak handiei agur egiterat. Predikuek argitu dituzte herri eta hiriak, hek beiratu basa bilhakatzetik. Erakhutsiz sainduak, Elizak gonbidatzen gaitu hekien bidetarat, bere haur guziak bihotzean ditu; atzarria dago hekien hirrisku guzien gainean; urruntzen diotzate hedoirik xumenak; artha handienekin sarrarazten ditu buruetan bere jakitate handi eta ukigarriak. Bainan zer ikusten ere da? Sainduak adin guzietan, gainbehera guzietan, herri guzietan, mende guzietan. Badire zeinen berthutek distiatu baitute, izarrek zeruan bezala; bainan zenbat gehiago ez da saindutu berthute gorde eta mintzarazi ez dutenez! Elizak egin ditu eri, zahar, haur galdu, behar eta zaurthuen lehen etxeak. Biluzi estaliak, xurxa solegituak, ukhaturen duzue zuen amaren saindutasuna? Ez da oraino higatu; bethi ungi egiten hari da. Hark egortzen ditu arimen ondotik hainbertze aphez khartsu eta aphezpiku jakin; hartan sortzen dire birdina, bere gaztetasun, dohain eta edertasuna ehozten dituztenak othoitzeko etxe edo komentuetan, hainbertze anaia eta arreba, egun guziz gurutzea garraiatuz hari direnak haurren argitzen eta beharren solegitzen, hainbertze jaun eta andre ohoragarri bere khartsutasunaz eta miragarri karitatez, hainbertze kongregazione eta konfradia, zigorradak urruntzen eta graziak deitzen dituztenak bere othoitz on eta khartsuez. Elizak biltzen ditu soska miliunak, basa herrietarat egortzeko egiaren predikariak. Hain da saindua, non haren haur tzarrenak, besoak zabalduz, hartzen baitituzte Eliza falso guzietan! Bertzen haurrak hobendun dire, ikhaspenen arabera; bainan Eliza bakharraren haurrak bere amari ez obedituz dire gaxto. Saindutasuna darraiko, eta ageri du haurren lan saindu oste eta egintza garbietarik. Haren erakuspenek urruntzen dituzte gaizkiak, sorrarazten urrikiak, bazkatzen karitatezko suak, berratzen orotan debozione, konfiantza, ezagutza eta berthuten banderak. Ez ditezke izkiriba Apostolu, Martir, Aphez-handi, Aita jakin, Ermittau, Emazte alhargun eta bertze Elizan hemeretzi mendez Saindutu direnen lerroak. Bainan egia ikusi nahi duenak aski du begien zabaltzea, ezagutzeko sainduen bilkhuia, munduko bilkhuia guzien artean.

 

 

V.

ELIZA KATOLIKOA DA

 

       Bilkuia bakhar eta sainduak bethetzen ditu mende eta tokiak. Agintzen arabera, nazioneak behar zituen primaza eta erreginatu behar zuen orotan, ororen argi eta salbamendua behar zuen izan, ororen argi eta salbamendua behar zen, handirazi behar zuen Jainkoaren izena iguzkitik mendebalerat. Eliza sainduak egin du bide orotan, lege eta aztura etsaien gatik, bethi gauza berak erakutsiz. Hor dire lerroan mendetako Aitak; urthetik urtherat ja ikus diteke Elizaren hedadura eta iraupena, bethi eta toki guzietan erakuspen, sakramendu eta aphez berekin. Denborak oro higatzen dituen arren, Elizari ez dio minik egin; aitzitik berratu diotza bitoriak. Izpiritu-Sainduak etzuken ganbiantzarik; egia berei mendetan itxiki ez diotenak etzitezken haren galtzarrean. Eliza saindua da bakharrik dioana, egia berekin, hastapeneraino. Apostoluen ganik du bere argia, eta ez du nihoiz utzi hiltzerat. Eliza hortaz kanpo direnek ez dute ezagunik mende zaharretan. Erakuspen berriak dituzte: atzokoak dire! Eliza sainduak bethetzen ditu mendeak, baita tokiak ere: Asia, Afrika, Europa, Amerika, Ozeania; lurreko bazter guzietan baditu partalierrak fede, sakramendu eta sakrifizio beretan. Non da bertze holako Elizarik? Badire non edo han, toki urrunetan ere, bilkhuia bereziak; bainan zein dire, berak direlarik sinhestez, hedatzen direnak lurreko ezkin guzietan? Eliza saindu eta bakharra da beraz katolikoa, orotan hedatzen dena, mendetan tokietan bezala. Hura da Izpiritu-Sainduaren esposa, bethi garbi eta zimurdurarik gabea. Elizatik athera diren bilkuia bakhunak mendetan ez ditezke jar gathe berean, higateko Apostoluen egunetarat, katoliko izenarekin. Eliza holako bat izan baziteken Eliza, non izanen zen, Jainkoaren hitzen arabera, berri sortzen zirenak bethi joko zituena eta heretiko erakutsiko? Bada bat bethi entzun beharra: zein da? Zeinek jo zezaken bethi, zeinek berez iraka? Deus ez liteke, gauzek ez balute segidarik; bainan egiei darraizkote eginbideak, eta eginbidei sariak. Eliza katolikoaz kanpo, ez da deus onik; oro goibel eta nahasdura dire gogoeta ala gauzetan.

 

 

VI.

ELIZA APOSTOLIKOA DA